Gizartea -

Larrialdi klimatikoa

Nola eragin lezake klima-aldaketak Euskadin?

Adituek ohartarazi dutenez, zenbait alderditan kalteak konponezinak dira, eta belaunaldi berriei "gauzak beste modu batera egiteko" deia egin diete.

Olatu handiak Donostian. Artxiboko argazkia: EFE.
Olatu handiak Donostian. Artxiboko argazkia: EFE.
Olatu handiak Donostian. Artxiboko argazkia: EFE.

M.E. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Klima Aldaketari buruzko Gobernuarteko Adituen Taldeak (IPCC) egindako txosten batek baieztatu du: klima-aldaketa errealitate bat da, bizkortzen ari da, arlo batzuetan konponezina da eta gizakiok gara errudun nagusiak.

Horiek 66 herrialdetako 200 adituk baino gehiagok izenpetutako txosten baten titularrak dira. Gero eta bero-bolada gehiago izango ditugu hotza baino, eta hori da, hain zuzen ere, ikerketak aurreikusten duen agertokirik txarrena.

Egun Lurra berotzen ari den abiadurak ez du aurrekaririk, eta bizkortzen jarraitzen du. Adituek diote gizakiok garela atmosferan, ozeanoetan eta lurrean tenperatura igotzearen eragile nagusiak.

Ozeanoetan eta izotz geruzetan eragin dugun kaltea konponezina da. Inger Andersen Nazio Batuen Erakundeko Ingurumen zuzendariak adierazi duenez, iraganeko akatsak konpondu ezin baditugu ere, "belaunaldi gazteek beste modu batera egin ditzakete gauzak".

Gasen isurketaren murrizketa ia osoak hondamendi klimatikoa motelduko luke. Agertokirik onenean tenperatura 2 ºC igoko da mendea amaitu baino lehen, eta iragarpenik txarrenek 4,4 ºC-ko tenperatura igoera aurreikusten dute.

Halaber, tenperaturak gehiago igoko dira barnealdean kostaldean baino, baina itsas mailaren igoerak zuzenean eragingo du kostaldean.

Inpaktua gure kostaldean

Itsas mailaren igoeraren eragin zuzena nabarituko dute Euskadiko 63 udalerritan eta herritarren % 58k. Mende amaierarako iragarpenik txarrenak betetzen badira, itsasoaren maila 80 zentimetro igoko da Kantauri itsasoan.

Olatuak eta mareak ere gaur egungoak baino oldarkorragoak izango dira. Gaur egun, 14 egun kritiko izaten ditugu urtero kostaldean, baina 2100ean 197 izatea espero da, agertokirik okerrena betez gero.

Arabako Errioxa

Kostaldean ez ezik, barnealdean ere izango du eragina. Arabako Errioxan, esaterako, mahastien zati bat desager liteke klima-aldaketaren aurkako neurriak hartu ezean.

Inguru horretako ardo-ekoizleen % 90ek badakite zer datorkien, eta XX. mendearen amaieratik aldaketa handiak egin dituzte ekoizteko moduan, hala nola ureztatze-sistemetan eta hezetasun-kontrolean. Teknologiaren laguntzari esker, mahastiak klimaren aldaketetara egokitzea lortu dute, baina neurriak hartu ezean, mahasti asko desagertzeko arriskuan egon litezke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Azken ordukoa Bizkaia Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba EAE Suteak bideoak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Hondamendi naturalak Eguneko albisteak Uholdeak bideoak Bero-boladak albisteak Larrialdi klimatikoa albisteak