Gizartea -

KORONABIRUSA

Covid-19aren transmisioak behera egiten jarraitzen du Euskadin

234 positibo berri erregistratu dituzte azken orduetan, eta birusaren bilakaeraren adierazle guztiak jaitsi dira. 57 dira larri dauden pertsonak, eta 193 gela arruntetan ospitaleratuta daude.

Jendea Bilbon. Argazkia: EFE.
Jendea Bilbon
Jendea Bilbon. Argazkia: EFE.

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren transmisioak behera egiten jarraitzen du Euskadin; izan ere, azken 24 orduetan pandemiaren bilakaeraren adierazle guztiak positiboak izan dira.

Ospitaleko presioaren bilakaera hobetu egin da. Euskadik 57 pertsona larri ditu ZIUetan, egun bat lehenago baino hiru gutxiago, eta 193 lagun gela arruntetan. Azken orduetan 41 pertsona ospitaleratu dituzte, koronabirusarekin.

Osasun Sailak argitara emandako datuen arabera, 234 positibo berri atzeman dituzte azken 24 orduetan, aurreko egunean baino 39 gutxiago, eta 5.656 proba diagnostiko egin dituzte, bezperan baino 852 gutxiago; beraz, kutsatze berrien tasa % 4,1ekoa da, asteartean baino hamarren bat gutxiago, eta hiru egunez jarraian % 4 inguruko positibotasunak izan dira.

Positibo guztietatik 27 Araban detektatu dituzte, 120 Bizkaian eta 83 Gipuzkoan. Gainera, Euskaditik kanpo bizi diren lau pertsonak positibo eman dute.

Birusaren intzidentzia metatua 200 kasutik oso gertu geratu da 100.000 biztanleko 14 egunetan; izan ere, 209,48 kasukoa da, aurreko egunean baino 13,87 puntu gutxiago.

Araban dago intzidentzia txikiena (180,96 kasu), jarraitzen dio Bizkaia (208,70) eta Gipuzkoa (210,84).

Lurraldeen kasuan ez bezala, hiru hiriburuak jaitsi egin dira 200 kasuetatik. Donostiak izan du bilakaerarik onena: asteartean 202,3 kasu izan ziren, eta asteazkenean 180,9. Bilbon, 208,9tik 198,8ra jaitsi da adierazle hori, eta Gasteizen, 216,4tik 199,9ra.

Adin-taldeei dagokienez, 17 eta 18 urte bitarteko gazteak soilik daude intzidentzia metatuko 400 kasutik gora (435,8), nahiz eta beheranzko joera nabarmena izan, egun bakar batean ia 50 kasutan jaitsi baita.

EAEko zazpi udalerrik jarraitzen dute transmisio-gune gorria deiturikoan, eta 400 kasu baino gehiago daude 100.00 biztanleko: Balmaseda, Bermeo, Gernika, Lekeitio eta Zallako bizkaitarrak, eta Elgoibar eta Lazkaoko gipuzkoarrak.

Oinarrizko birsorkuntza tasa, kasu positibo bakoitzak zenbat pertsona kutsatzen dituen neurtzen du, hiru ehunen jaitsi da 0,78ra arte. Lurraldez lurralde aztertuta, R0 % 0,76ra jaitsi da Araban eta Bizkaian, eta % 0,81era Gipuzkoan.

Bestalde, intzidentzia-tasen arrazoia (egungo 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa duela astebetekoarekin alderatzen duena) beste ehunen bat jaitsi da, 0,70eraino.

Txertaketa

Osakidetzak "berehala" deituko die EAEn immunodepresioren bat duten 4.500 gaixori covid-19aren kontrako txertoaren hirugarren dosia emateko, Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak inokulazio prozesu horri oniritzia eman ostean. Jaurlaritzak gordeta dituen Pfizer edo Moderna farmazia-etxeen gertakinak erabiliko ditu horretarako.

Nafarroan kasuek gora egin dute berriro asteazken honetan, 81 positibo berri diagnostikatu ostean, bezperan baino 28 gehiago, Foru Gobernuak emandako datuen arabera.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak