Gizartea -
KORONABIRUSA
"Erronkak beteta", Euskadi bizimodu normalago baterako pausoak emateko prest dagoela uste du Zupiriak
Hala ere, Jaurlaritzako bozeramailearen arabera, "logikoa" litzateke gazteen lokalak itxita mantentzea 16 eta 29 urte bitarteko gazteen txertaketa % 85ekoa izan artea. Hori, baina, gaur arratsaldeko LABIren bileran erabaki beharko da.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen hitzetan, pandemiaren "zailtasun handienak" gaindituta, eta covid-19aren transmisioari aurre egiteko eta osasun sistemaren kolapsoa saihesteko erronkak bete ondotik, Euskadin "normaltasun berri bati" aurre egiteko unea iritsi da.
Gobernu Kontseiluaren bileraren ostean egindako prentsaurrekoan, Zupiriak ez du zehaztu nolakoa izango den normaltasun berri hori. Dena dela, aurreikuspenen arabera, Iñigo Urkullu lehendakariak indarrean dauden murrizketa gehienak kenduko ditu.
Edonola ere, Zupiriaren ustez, "logikoa" litzateke gazteen lokalak itxita mantentzea 16 eta 29 urte bitarteko gazteen txertaketa % 85era iritsi arte. Hori, baina, gaur arratsaldeko LABIan erabaki beharko da.
Eusko Jaurlaritzak urte eta erdiko pandemiaren aurrean hartu dituen neurrien eraginkortasuna babestu du bozeramaileak, eta une oro herritarren osasuna zaintzearen eta "jarduera eta bizitza ekonomikoa eta soziala" ahalbidetzearen artean oreka bilatu nahi izan dutela azpimarratu du.
Neurri horiei esker, Euskadin pandemiaren transmisioa murriztea lortu dela erantsi du; izan ere, gaur gaurkoz covid-19aren intzidentzia-tasa metatua (100.000 biztanleko 14 egunekoa) 62,05eko da, eta ospitaleratzeek eta ZIUetan dauden gaixo kopuruak ere beherantz egiten jarraitzen du.
Hori dela eta, aurrerapausoak emateko eta eguneroko bizitza "beste modu batera" planteatzeko une egokia dela iritzi dio, baina zuhurtzia eskatu du, "munduan pandemia ez delako desagertu", eta herrialde batzuetan heriotza eta kutsatze asko izaten jarraitzen dutelako, eta txertaketa-estaldura txikia.