Gizartea -
Gipuzkoako Auzitegia
Bost hilabetetik zazpira igo dute Cabezudoren aurkako zigor bat desobedientziagatik
Argazkilaria 47 deliturengatik epaituko dute bere aurkako auzi nagusian, modeloen sexu askatasunaren aurkako delituak batzuk, baina oraindik ez dago datarik epaiketarako.
agentziak | eitb media
Gipuzkoako Auzitegiak bost hilabetetik zazpi hilabetera igo du Donostiako Zigor epaitegi batek Kote Cabezudo argazkilariari jarri zion zigorretako bat. Desobedientzia larriagatik zigortu zuten kasu horretan, biktimetako baten irudiak Internetetik ez kentzeagatik.
Era berean, biktima horri eman beharreko kalte-ordaina 1.500 eurotik 5.000 eurora igo du.
Argazkilaria 47 deliturengatik epaituko dute bere aurkako auzi nagusian, modeloen sexu askatasunaren aurkako delituak batzuk, baina oraindik ez dago datarik epaiketarako.
Kausa txikiagoak eratorri dira auzi nagusi horretatik, eta horietako bat da gaur handitu dioten zigorrarena. Izan ere, ekainean epaile batek Internetetik biktimetako baten material "ponografikoa eta bideografikoa" kentzeko eskatu zion.
Orain arte, Cabezudo bost aldiz zigortu dute: horietako bitan irmoa da kondena, beste batean Zigor Auzitegi batek eman du ebazpena, eta beste bi Gipuzkoako Auzitegiko apelazioan, justizia oztopatzeagatik, agiri faltsuak aurkezteagatik eta desobedientziagatik.
Era berean, beste Zigor Auzitegi baten ebazpenaren zain dago, modeloetako baten irudia Facebooken argitaratuta izateagatik epailearen aginduaren aurka, hain zuzen ere.
Gainera, 2022ko martxoan berriro epaituko dute antzeko gertakariengatik, urrian atzeratu ostean; eta oraindik datarik gabe jarraitzen du auzi nagusiak.
Dena den, modeloetako baten abokatuak aurkeztutako salaketa atzera bota du auzitegiak. Abokatua hiltzeko espetxean sikario bat kontratu zuela leporatzen zion.