Gizartea -

pobreziaren aurkako eguna

Pobrezia, hurbil bezain isilik

Pobreziaren inguruko azken datuek ondorio kezkagarriak utzi dituzte EAEn. Pobreziaren Aurkako Egunean, askotariko gizarte-eragileak bizimodu duinaren eta Giza Eskubideen alde mobilizatu dira.

Txatar bila ari den emakumea, Bilbon. Argazkia: EFE
Txatar bila ari den emakumea, Bilbon. Argazkia: EFE
Txatar bila ari den emakumea, Bilbon. Argazkia: EFE

itxaso león kareaga | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken bi urteotan, pertsona pobretuen eta aberatsen arteko aldea areagotu egin da Euskal Autonomia Erkidegoan. Bertako bost pertsonatik bat (biztanleriaren % 19,9) pobrezia- eta bazterketa- arriskuan dago, AROPE Pobrezia eta Gizarte-Bazterketa arriskuaren adierazlearen arabera.

Halaxe salatu du EAPN pobrezia eta gizarte-bazterketaren aurkako sareak. Aurten kaleratutako txostenak azaleratu duenez, EAEn pobrezia larrian bizi diren pertsonen % 29,75ak ez du Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentarako sarbiderik, eta % 36,95 ez da pobreziatik irteten. Halaber, ondorioztatu dute pobreziak eragin handiagoa duela emakumeengan, gizonengan baino.

Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Egunean, talde eta ekimen ugarik hurbileko errealitatean ipini dute fokua, bizimodu duina eta Giza Eskubideak aldarrikatzeko.

Angel Elias EHUko Lan Harreman eta Gizarte Langintzako fakultateko dekanoa da, baita Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentaren aldeko herri-ekimeneko kidea ere. Haren hitzetan, azken datuek agertoki "kezkagarria" utzi dute agerian. Bertako testuinguruan pobrezia "hain agerikoa" ez bada ere, uste baino hurbilago dugu: "bost pertsonatik bat pobrezia-arriskuan dago, biztanleriaren % 17,8 pobrezia erlatiboko egoeran dago, % 6,1 pobrezia larrian bizi da eta ia 3.000 pertsona etxerik gabe daude".

Euskadin, 2020an, gizonen % 7,6 eta emakumeen % 12,3 pobrezian zeuden; "hau da, 219.000 pertsona inguru, aurreko urtean baino 1.700 gehiago". Gainera, horietatik 138.000 emakumeak ziren, eta 80.000 gizonak.

Tasa orokorretan aldekoak dira datuak, eta pobrezia-mailak behera egin du, baina, EAPNtik adierazi dutenez, "badira hoberako joera hori nabaritzen ez duten gizataldeak".

Eusko Jaurlaritzak ezagutarazi zituen datuok aurtengo uda hasieran, Euskal Autonomia Erkidegoko Pobrezia eta Desberdintasun Sozialak izeneko ikerketaren ondorio modura. Horren arabera, EAEko herritarren % 90 ongizate-egoeran bizi da, pandemiaren eragina gora-behera.

Mabel Cenizo Caritas Gipuzkoa erakundeko Komunikazio, Formakuntza eta Boluntariotza saileko arduraduna da. Bere aburuz, pobrezia, "zorionez, ez dago hain ikusgai geure autonomia erkidegoan, familia asko babesten dituen prestazio publikoen sistemari esker".

Edonola ere, "gure hirietako kaleetatik gabiltzanean aurkitu dezakegu pobrezia", izan ere, "200 pertsonak gauero lo egiten du horietan".

Pobreziaren eraginpean dauden familien artean, adin txikikoak dituztenak eta ikasketarik gabeko migratzaileen familiak nagusitzen dira. Era berean, gora egin du guraso bakarreko familien pobrezia-tasak, emakumeen kasuan bereziki. Gainera, 14 urtetik beherako umeen % 11,7 pobrezian daude (tasarik altuena da, 2008tik), eta elikagaiak eskuratzeko arazoak dituzte.

Caritasetik azaldu dutenez, haiengana jo ohi duten profilen artean nagusitzen direnak familia-babes nahikorik ez dutenak dira, langabetuta daudenak (edo prekarietatean, bestela), zein prestazio publikoetarako sarbiderik ez dutenak, xedatutako baldintzak ez betetzeagatik.

Era berean, aipatutako zailtasunen ehuneko handi bat migratutako pertsonek osatzen dute.

Save the Children erakundeak duela urtebete ohartarazi zuen EAEko 92.000 ume pobrezia zein gizarte-bazterketa jasateko arriskuan zeudela. "Giza Eskubideen arloko legeria betetzen ez delako" gertatzen da hori, Eliasen hitzetan. Estatuek "eskura dituzten baliabide ekonomiko guztiak erabili behar dituzte, bizimodu duina bermatzeko".

Euskadin, pobrezia ez dago jakiak, edateko ona den ura edo txertoak eskuratzeko ahalmenarekin hain lotuta.

Hala ere, Cenizok nabarmendu duenez, ume askok pandemian zehar deskubritu dute haien pobrezia- edo bazterketa-arrisku egoera, orduan ohartu baitira "haien etxeetako baldintza digitalek ez dutela eskolako lanen jarraipena bermatzen".

Hori da "arriskuaren bizipena, gainerakoen baldintzetan hezkuntzarako zein kirol-jardueretarako sarbiderik ez duten umeak egotea".

"Etorkizunera begira", erantsi du, "aurreikuspen hobeak egin behar genituzke, umeak babestuko dituzten politika publikoekin euren behar sozialak eta emozionalak bermatuz".

Eliasen aburuz, egoera are zaurgarriagoan daude egungo pandemia-testuinguruan zenbait gizatalde, "zalantzarik gabe". Pobrezia materialarekin amaitzeko, Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentaren aldeko Legegintzako Herri Ekimenean parte hartzea iradoki du eta, proposamenarekin ados egonez gero, hori sinatzea.

Zentzu horretan, Cenizok azpimarratu du pandemiak "agerian" utzi duela "babes-eta lan-politika hobeekin erantzun behar diegula prekarietate egoerei, pobrezia egoera bilakatu ez daitezen".

Aldi baterako lan-erregulazioak amaitzean ere "errealitate berri bati aurre egin beharko diogu, eta litekeena da pertsona askok haien lanak ez berreskuratzea".

Mobilizazioak han eta hemen, Pobreziaren Aurkako Egunean

Bilbon, ehunka pertsona atera ziren kalera ostiralean; erakundeek, talde sozialek, auzoetako taldeek eta sindikatuek deituta. Manifestazioaren helburua EAEn 800.000 pertsona inguruk jasaten duten pobrezia erlatiboa eta larria salatzea izan zen. Gainera, diru-sarrerak bermatzeko sistema irisgarria aldarrikatu zuten, pertsonei pobreziatik ateratzea baimenduko diena.

Halaber, argindarraren prezioaren etengabeko igoera izan zuten mintzagai. EAPN Euskadi elkarteko Alfonso Lopezek adierazi zuenez, "pertsona askoren bizitza zailtzen ari den elementuetako bat da" eta "errorea da pobrezia energetikoaren inguruan aritzea, pobrezia parzializatzen baitu".

Bestalde, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak "baliabideak eta borondate politikoa" eskatu ditu Pobreziaren Aurkako Eguneko adierazpenean, baita "eredu sozioekonomikoaren aldaketa" ere. Horretarako, "bizitzari eman behar zaio lehentasuna, bai pertsonenari, bai planetarenari".

Gasteizen ere kalera atera ziren atzo, bertako elizbarrutiak hainbat erlijiotako elkarteekin batera antolatutako erlijio-arteko elkarretaratzean.

Gaurko, berriz, Bizimartxa aldarrikatzailea proposatu du Donostiako Zero Pobrezia plataformak. Eguerdiko 12:00etan Haizearen Orrazitik abiatuko da bizikletaz, Txita Sound System taldeak girotuta. Datorren astearterako zine-foruma antolatu dute, aurten osasun-eskubidea eta txertoetarako sarbidea ardatz dituen ekitaldi-sorta borobiltzeko. Kresala Zineklubean 'La mujer del chatarrero' filma emango dute.

Nafarroan, pobrezia-arrisku txikiena

Aste honetan bestelako datu esanguratsuak ere kaleratu dira eta, horien arabera, Nafarroa da pobrezia-arrisku txikiena duen autonomia-erkidegoa, gorantza doan arren. Hala ondorioztatu du Gizarte Politiken Plangintza eta Ebaluaziorako Errealitate Sozialaren Behatokiak, Nafarroako pobreziari eta desberdintasun sozialari buruzko V. txostenean.

Txostenak Covid aroaren aurreko egoera marrazten du, baina Nafarroako Gobernuak espero du datozen bi urteetan krisiaren etaparik gogorrenarekin bat datorren gorakada handia izatea, eta, horrekin batera, bat-bateko hobekuntza.

Azken datuen arabera, pobrezia erlatiboa hamarren bat jaitsi da, eta larria, berriz, hamarren bat hazi. Edonola ere, Luis Campos behatokiko zuzendari nagusiak azaldu duenez, oro har, "Nafarroak desparekotasun eta pobrezia-maila baxuei eutsi die, pixka bat gora egin duten arren".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Euskal herriak Nafarroa Eusko Jaurlaritza albisteak EAE albisteak Gizartea Gaurko titularrak Gasteiz berriak Gaurko azken orduko albistea Azken ordukoa protestak Giza eskubideak gaur