Itxi

2021/10/21

15:12

Gizartea

klima-aldaketa

Nola aurre egin emergentzia klimatikoari? Egunerokorako 7 keinu oso zail

eitb media

IHOBE erakundeak larrialdi klimatikoaren aurkako 52 keinu gomendatu ditu, eta, horiek betetzeko ahalegin mailaren arabera, bost mailatan sailkatu ditu.

  • Bidaiatzeko modurik iraunkorrena aukeratu dezakegu. Artxiboko argazkia: EITB Media

    Bidaiatzeko modurik iraunkorrena aukeratu dezakegu. Artxiboko argazkia: EITB Media

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

IHOBE Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak gomendio-sorta argitaratu du, gizabanakoei krisi klimatikoari aurre egiten laguntzeko, 52 keinu txikiren bitartez. Ahalegin mailaren arabera egin du erakundeak ekintza horien sailkapena: oso errazak, errazak, normalak, zailak eta oso zailak.

Hona hemen larrialdi klimatikoari aurre egiteko egunerokorako 7 keinu oso zail:

1) Bidaia planifikatu

Abiatu baino lehen, begiratu ea beste modu batean joateko aukerarik dagoen. Zure bidaia luzera ertainekoa bada, trena aukera iraunkorragoa izan daiteke ingurumenerako. Badira hegazkin-konpainiak, sortutako kutsaduraren ordain gisa, klima zaintzeko proiektu baten alde diru-kopuru sinboliko bat ematea proposatzen digutenak.

2) Aukera itzazu bestelako erregaia darabilten ibilgailuak

Automobil berria erostekotan bazabiltza, saia zaitez kontsumo baxuko bat aukeratzen. Enpresa ibilgailu-fabrikatzaileak behartuta daude haien produktuek zenbat CO2 isurtzen duten eta zenbait erregai kontsumitzen duten erakustera, erakustaretoetan eta publizitatean.

3) Autokontsumoa eta elikagai ekologikoak

Nekazaritza ekologikoaren alde egitea proposatzen digu IHOBEk, bertako barietateak landuz eta kimikorik gabeko ongarri eta pestizidak erabiliz, besteak beste. Halaber, hozkailua bete aurretik, zer jaten dugun ondo begiratzeko eta gure erosketek klima-aldaketan dituzten ondorioez hausnartzeko eskatzen digute.

4) Etxean teilatu berdea jarri

Etxea modu naturalean freskatzeko, teilatu bereak instala daitezke hainbat eraikin-motatan, industria-instalazioetatik hasi eta egoitza pribatuetaraino. Teilatu berdeak eraikinaren energiaren % 10 aurreztea eragingo du, gutxienez. Maila txikiagoan, terrazetan eta balkoietan landare altuak jar daitezke.

5) Basoa birlandatzeko proiektuetan lagundu

Basoak zaintzen lagundu nahi baduzu, aukera bat baino gehiago duzu: gobernuz kanpoko erakundeek hainbat proiektu dituzte basoa birlandatzeko, eta tokian toki ere izaten da ekimenik.

6) Festa eta ekitaldi iraunkorrak antolatu

Ingurumenarekiko balizko ondorio kaltegarriak minimizatuz diseinatu, antolatu eta gauzatzen dituen hura da ekitaldi iraunkorra. Euskadin bada agiri bat, ikuskizunetan ingurumen-iraunkortasuna ziurtatzeko: Erronka Garbia.

7) Kontrata ezazu iturri berriztagarrietatik sortutako energia

Ez da erraza eguzki-panel fotovoltaikoak edo mini sorgailu eolikoak instalatzea, baina % 100ean jatorri berriztagarriko energia kontratatu dezakegu. Etxea eta etxeko ura berotzeko indarra ere lor daiteke energia berriztagarrietatik, hala nola biomasa-galderetatik, eguzki-panel termikoetatik edo instalazio geotermikoetatik.

Krisi klimatikoaren aurka ekitearen premia

XIX. mende amaieratik, batez besteko tenperaturak 1 °C egin du gora lurrazalean, eta mende honetan zehar ere igotzeko bidean da. 2015ean Parisko Hitzarmenean 190 herrialdek erabaki zutenez, klima-aldaketaren ondoriorik larrienak ekiditeko, 2 °C baino gutxiagokoa izan behar du beroketa globalak.

Inoiz izan diren 18 urte beroenen artean, 17 mende honetan izan dira. IHOBEk azpimarratu duenez, eguzkiaren beroa atmosferaren barruan hertsitzen duten "gero eta gas gehiago" isurtzen dira, eta, ondorioz, "geuk sortua da klima-aldaketa hau".

Euskadik klima-aldaketarako estrategia bat du martxan, Klima 2050, gas-isurketak % 80 murriztea helburu duena.

"Denok egin behar dugu ahalegintxoa. Ez dugu B planik, ez dugulako B planetarik", IHOBEren arabera.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;