Gizartea -

Elkarrizketa

"Beldur gara Hezkuntza Lege berriak egungo sistema duala legitimatuko ote duen"

Maribel Lopez de Luzuriaga Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneko ordezkariak, hala ere, aitortu du behingoz agintariek "segregazioa dagoela" onartu dutela eta "irtenbideak pentsatzen" ari direla. Gaur manifestazioa egingo dute Bilbon eskola publikoa aldarrikatzeko.

Haurrak Euskal Eskola Publikoaz Harroren kamisetekin. Argazkia: Euskal Eskola Publikoaz Harro
Haurrak Euskal Eskola Publikoaz Harroren kamisetekin. Argazkia: Euskal Eskola Publikoaz Harro
Haurrak Euskal Eskola Publikoaz Harroren kamisetekin. Argazkia: Euskal Eskola Publikoaz Harro

Manu Gimenez | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hezkuntza sistema publikoak egun dituen hutsuneak salatzera eta etorkizuneko lege berriak nolakoa beharko lukeen aldarrikatzera aterako da gaur kalera Euskal Eskola Publikoaz Harro topagunea. Egungo sistemaren indarguneak abiapuntuan jarrita, arrakala sozialari aurre egingo dion eredu baterantz egiteko eskatuko diote Eusko Jaurlaritzari. Bilbon dute protestarako hitzordua, "Hezkuntza publikoaren alde. Pribatizazioari ez!" lelopean.

Euskadi Irratian eta eitb.eus-en egindako elkarrizketetan, Maribel Lopez de Luzuriaga Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneko ordezkaria "kezkatuta" agertu da, "beldur" delako Eusko Jaurlaritza eta alderdi politikoak lantzen ari diren Hezkuntza Lege berriak ez ote duen "egungo sistema duala legitimatuko".

Irakasle gasteiztarrak adierazi du lege berria ez duela sare publikoko komunitateak eskatu, eta horregatik, "oso kezkatuta" ari direla jarraitzen ematen ari diren pausoak.

Lege berriak egungo sistema "legitimatzearen" beldur diren arren, Lopez de Luzuriagak aitortu du eztabaidak "alde on bat" ere izan duela: "Lehen segregazioa alfonbra azpian zegoen, ukatu egiten zuten, hitz hori ez zen behin ere ateratzen ez lehendakariarengandik ez Hezkuntza Saileko arduradunengandik. Orain, behintzat, badirudi segregazioa dagoela onartzen dutela eta irtenbideak pentsatzen ari direla".

Espainiako Estatuan jatorriagatik ikasleak gehien segregatzen dituen erkidegoa da EAE.

Dena den, Eusko Jaurlaritzari "segregazioaren kontrako konpromiso argia azal dezala" eskatuko diote. Izan ere, larunbateko manifestazioan salatu nahi dute hezkuntza sistema duala, itunpeko ikastetxeak egotea bermatzen duena, dela "desberdintasunak areagotzen" eta segregazioa ahalbidetzen duena. Espainiako Estatuan jatorriagatik ikasleak gehien segregatzen dituen erkidegoa da EAE, eta bigarren tokian dago egoera sozioekonomikoagatik egiten duen ikasleen bazterketan, Esade-Save the Childrenen "Diversidad y Libertad" txostenaren arabera.

Eskola publikoa erdigunera

Horren aurrean, Lopez de Luzuriagak uste du irtenbidea "hezkuntza publikoa erdigunean, ardatzean" jartzea dela: "Familia eta ikasle guztiek eduki beharko lukete beraien etxe ondoan hezkuntza publikoan ikasteko eskubidea".

Euskal Eskola Publikoaz Harro topagunetik gogorarazi dute gaur gaurkoz diru publikoa jasotzen ari direla "inklusiboak ez diren, generoagatik segregatzen duten, euskalduntzen ez duten… ikastetxeak". Horregatik, "diru publikoaren erabilera bidezkoagoa" aldarrikatzen dute, "eskola publikoak izatea administrazioaren lehentasun osoa, baliabide ekonomiko, material eta pertsonalen aldetik".

"Adituek diote sistema dualak segregazioa ekartzen duela"

Lopez de Luzuriagaren esanetan, "adituek diote sistema dualak segregazioa ekartzen duela", izan ere, "itunpeko ikastetxe horiek, kuotengatik, erlijioagatik… egoera zaurgarrian dauden familiak kanpoan uzten dituzte. Hor gizarte haustura bat sortzen da: segregazioa".

Gasteizko Ramon Bajo ikastetxeko langileak argi du: euskal eskola publikoa da "jatorriko ezberdintasunen berdintzailea, inklusiboa, gizarte kohesioari ekarpen handiena egiten diona, baldintza zailenetan ere ikasle gehien euskalduntzen duena".

eskola

eskola

Jaiotze tasaren beherakada

Eusko Jaurlaritza eta hezkuntza zentro pribatuak finantzazio itun berria egitear direla eta, Lopez de Luzuriagak azpimarratu du eskola publikoan inbertitu beharra dagoela, gainerakoak direla "subsidiarioak", baina diru "beharrik ez dutenei ere" ematen zaiela finantzazio publikoa.

Orain, jaiotze tasak beheranzko joera handitu izanak ezinegona zabaldu du profesionalen artean, eta irakasle gasteiztarrak galdera hau bota du: "Jaiotze tasa jaitsi den honetan, ze ikastetxe itxiko dira? Zeinetan itxiko dira ikasgelak?".

Manifestazioa

Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneak deituta manifestazioa egingo dute gaur "Hezkuntza Publikoaren alde. Pribatizazioari ez!" lelopean, Bilbon. Martxa 17:00etan abiatuko da Hezkuntza ordezkaritzaren paretik, eta aldarrikapena eta jaia uztartuko omen dituzte musikarekin, pailazoen ikuskizunekin, etab.

Leloaren lehenengo zatiari dagokionez, Lopez de Luzuriagaren arabera, "Hezkuntza publikoaren alde egin nahi dugu, guretzako, doakoa, unibertsala, denona eta denontzat"; eta bigarrenaren kasuan, hezkuntza sistema dualak, zentro pribatuak finantzatzen dituenak, "desberdintasunak areagotzen dituelako, bi abiadurako sistema bat" sortuz.

Euskal Eskola Publikoaz Harro topagunea sare publikoko hamaika elkartek eta sindikatuk osatzen dute, tartean Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkarteak, Ikasle Sindikatuak, Ikasle Abertzaleak, Steilas, LAB, CCOO…

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Heziberri hezkuntza plana Azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoako albisteak Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Hezkuntzako albisteak 2024 Manifestazioak gaur Irratia euskaraz