Gizartea -

Diputatuen Kongresua

Ontzat jo dute indarkeria matxistak eragindako umezurtzen pentsioak hobetzea

Zurztasun egoera hobetzeko Legeak laguntzak zabalduko ditu. Hala, pentsioa jasoko dute haurrek hiltzailea amaren bikotekidea zein bikotekide ohia bada, euren aita izan ez arren. Era berean, hilketaren ondoren adoptatuak direnek ere jasoko dute.

Lege-proposamenak aldeko 292 boto eta 49 abstentzio izan ditu. Argazkia: Pixabay
Lege-proposamenak aldeko 292 boto eta 49 abstentzio izan ditu. Argazkia: Pixabay
Lege-proposamenak aldeko 292 boto eta 49 abstentzio izan ditu. Argazkia: Pixabay

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kongresuaren gehiengoak ontzat eman du ostegun honetan indarkeria matxistak eragindako umezurtzen pentsioak eta horiek eskuratzeko baldintzak hobetzea. Hala, zurztasun pentsioa jasoko dute haurrek hiltzailea amaren bikotekidea zein bikotekide ohia bada, euren aita izan ez arren. Era berean, hilketaren ondoren adoptatuak direnek ere jasoko dute pentsioa.

Aldeko 292 botorekin, 49 abstentziorekin eta kontrako botorik gabe, PSOEk aurkeztutako genero-indarkeriaren biktimak babesteko Lege Organikoaren hobetzerako proposamena aurrera atera da, eta Senatuan ekingo dio orain izapide parlamentarioari.

Genero indarkeriak eragindako umezurtzen babesa hobetzera zuzendutako neurriak ekarriko ditu ekimen honek, egoera zaurgarrian dauden horientzako bereziki. Hain zuzen, testuak irabazpidezko sozietatea likidatzearekin lotutako erabaki judizial desberdinen inguruko zalantzak deuseztatuko ditu, eta epaitegi espezializatuei aitortuko die prozedura horien eskumena, krimen matxista bat bitarteko dagoenean eta oinordekoek hala eskatzen dutenean.

Gainera, PSOE eta Podemos taldeen artean ezarritako eta joan den astean Berdintasun Batzordean onartutako zuzenketei esker, laguntzak jasoko dituzte haurrek hiltzailea amaren bikotekidea zein bikotekide ohia bada, euren aita izan ez arren.

Era berean, hilketaren ostean adoptatutako umezurtzek ere laguntzak jasotzeko eskubidea izango dute. Izan ere, kasu askotan familiak berak adoptatzen zuen haurra krimenaren ostean, horrek pentsioaren galera zekarrelarik, familia zaurgarrietan arazo ekonomikoak eraginez.

Genero indarkeriaren biktimen zurztasun egoera hobetzeko 3/2019 Legea aldatzearen alde agertu da PP taldea. Ciudadanosek ere babestu du testua, baina atzera botatako zuzenketa aurkeztu du, laguntza horiek aita erail dieten adingabekoei ere zabaltzeko. Zuzenketa horrek, gainera, Voxen babesa izan du.

Unidas Podemos taldearen izenean, Laura Lopezek gogorarazi ditu aurten estatu-mailan indarkeria matxistagatik eraildako 42 emakumeak eta sei adingabekoak; baita 28 umezurtzak ere. Ekimena babestu du, bere aburuz, indarkeria matxistak eragindako umezurtzen "bidegabekeria zuzentzen" duelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Tratu txarrak Espainian Espainiako Gobernua albisteak Espainia bideoak Gizartea Genero indarkeriaren biktimak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Umeak azken ordukoa