Gizartea -
Indarkeria matxista
Fiskala: "Emazte eta amaginarreba ohia libre izatea saihesteko, biak hil zituen akusatuak"
2018an, Gasteizko Lakua-Arriaga auzoan emazte eta amaginarreba ohia labanaz hil zituen gizonaren kontrako epaiketan, azken ondorioak aurkeztu dituzte aldeek. Herri-epaimahaiari dagokio orain epaia ematea. 60 urterainoko zigorrak eskatu dituzte aldeek.
Agentziak | EITB Media
2018ko apirilaren 20n, Gasteizko Lakua-Arriaga auzoan, emazte eta amaginarreba ohiak hil zituen gizonezkoaren kontrako epaiketako fiskalak uste du emazte ohia "libre eta independentea" izatea saihestu nahi zuela akusatuak, eta horregatik hil zuela. Amaginarreba ohiari dagokionez, emakumearen "babes emozional eta logistikoa zen, zaintzen hornitzailea", eta horregatik akabatu zuen hura ere.
Arabako Lurralde Auzitegian epaiketaren saioa egin dute astearte honetan, eta aldeek euren azken ondorioak aurkeztu dituzte. Fiskaltzak 50 urteko kartzela zigorra eskatu du akusatuarentzat maltzurkeriaz egindako bi hilketa delitu egotzita, genero zein ahaidetasun astungarriekin. Horrez gain, semeen guraso-ahala kentzea eta biktimen senitartekoei 1.220.000 euroko kalte-ordaina ematea eskatu du.
Zigor eskaerari (25na urte hilketa bakoitzeko) eutsi dio fiskalak, baina basakeria erantsi du; izan ere, argudiatu duenez, biak "babesgabe" zeudenean hil zituen.
Akusazio partikularrak 55 urteko kartzela zigorra galdegin du, eta herri akusazioak, Clara Campoamor elkarteak, 60 urtekoa.
Defentsaren ustez, akusatua ez zen bere buruaren jabe hilketak egin zituenean. Fiskaltzarentzat, ordea, "sinesgaitza" da pentsatzea gizonak nahasmendua zuela hil zituenean eta "lasai" egotea hil baino lehen eta ondoren. "Hil nahi zituelako akabatu zituen", nabarmendu du. Ildo beretik mintzatu da herri-akusazioa ere. Azaldu duenez, bost psikiatra eta medikuk baztertu dute aukera hori, eta, horien iritzian, "pairatzen duen bakarra berekoikeria da".