Gizartea -
Indarkeria matxista
47 urteko kartzela zigorra ezarri diote Gasteizen emazte eta amaginarreba ohiak hil zituen gizonari
Hilketa matxista 2018ko apirilaren 20an jazo zen, Gasteizko Lakua-Arriaga auzoan. Herri epaimahaiak errudun jo zuen joan den astean. Arabako Lurralde Auzitegiak aintzat hartu ditu akusazioek eskatutako astungarri guztiak.
Agentziak | EITB MEDIA
Arabako Lurralde Auzitegiak 47 urteko espetxe zigorra ezarri dio 2018an, Gasteizen, emazte eta amaginarreba ohiak hil zituen gizonari. Auzitegiak aintzat hartu ditu akusazoek eskatutako astungarri guztiak, eta baztertu egin du defentsak argudiatu zuen buru nahasmenduaren aringarria.
Auzitegiaren 2. Sekzioko epaileak uste du gizon matxistak azpikeriaz eta basakeriaz hil zituela bi emakumeak, eta genero larrigarria ere egotzi dio. Zinpeko epaimahaiak erruduntzat jo zuen gizona, eta epai hori oinarri hartuta ezarri du orain zigorra Auztiegiak.
Fiskaltzak 50 urteko kartzela zigorra eskatu zuen gizonarentzat, eta akusazio partikularrak, 55 urteko espetxealdia, eta herri-akusazioak -Clara Campoamor elkartea-, 60 urte. Defentsak, berriz, 8 urteko zigorra galdegin zuen, homizidioa izan zela eta gizasemeak buruko arazoak izan zituela argudiatuta.
Epailearen arabera, gizonak basakeria fisikoa erabili zuen emazte ohiaren kontra, eta amaginarrebaren aurka, basakeria psikikoa (alaba nola hiltzen zuen ikusi zuen emakumeak).
Horrez gain, emazte ohiaren hilketan ez ezik, amaginarrebaren hilketan ere genero larriagarria hartu du kontuan epaileak. Clara Campoamor elkarteak (herri akusazioa) defendatutako argudioa izan da hori. Izan ere, amak zuen paper matriarkalagatik (familia batzeko eta zaintzeko zeregina) eta alabari dibortziatzen laguntzeagatik genero astungarria kontuan hartu behar zela esan du hasieratik herri akusazioak.