Gizartea -

HEGAZKINAK ETA KUTSADURA

Hegaldi laburren debekua Frantzian: Neurri egokia al da kutsadura murrizteko?

Frantzian trenez bi ordu eta erdian edo denbora gutxiagoan egin daitezkeen estatu barruko bidaiak ezingo dira hegazkinez egin, CO2 isuriak murrizteko. Ekologisten ustez, neurri sinbolikoa da, baina etorkizunean pauso gehiago emateko lehen urratsa ere bada.

Paris-Lyon ibilbidea egiteko isuritako kutsadura
Paris-Lyon ibilbidea egiteko isuritako kutsadura
Paris-Lyon ibilbidea egiteko isuritako kutsadura

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziak bertan behera utzi ditu herrialdearen barruan egiten diren hegaldi laburrak, betiere bi ordu eta erdi baino gutxiagoan trenez egiteko aukera badago, zuzenean, geldialdirik gabe eta maiztasun eta ordutegi egokian. Neurri horrek, hala, gaur egun, Paris-Orly eta Bordele, Nantes eta Lyongo aireportuen arteko konexioak ezabatzea dakar.

Eztabaida piztu du neurriak klima-aldaketaren aurka lanean diharduten askoren artean, aurrerapausoa bada ere, neurri eskasa dela uste baitute, eta anbizio handiagoa eskatu dute horrelako araudiak diseinatzeko orduan, emisioen murrizketari dagokionez eragina maximizatzeko; izan ere, salbuespenak eta baldintzak tarteko, neurriak eraginkortasun errealetik baino gehiago sinbolikotik duela uste dute.

Kontuak kontu, norabide berean etorkizunean pauso gehiago emateko lehen urratsa izan daitekeela uste du Jon Sampedro Basque Centre for Climate Change (BC3) ikerketa zentroko ikerlariak. Abiazioaren azken ingurumen-txostenak (hiru urtean behin egiten da) jasotakoaren arabera, Europatik aireratu ziren hegazkinen isurketek % 34 egin zuten gora 2005 eta 2019 artean, 147 milioi tonaraino, eta garraiobideek eragiten dituzten isurketen % 14 hegazkinek sortzen dute.

Hegazkinen kutsadura

Aspaldidanik dago hegazkinen kutsaduraren afera mahai gainean, eta Frantziak hartutako bidetik, Espainiako Gobernuak ere, hainbat alderdi politikok bultzatuta, hegazkinen kutsadurari aurre egiteko neurri hori aztertu du. Ekologisten ustez, arau hori ez litzateke oztopo handia izango aire-konpainientzat, horien negozioaren muina hegaldi luzeak direlako. Baina, ekonomia tarteko, erakundeek eta hegazkin-konpainiek trabak baino ez dituzte jarri, Sampedroren esanetan.

Jon Sampedro (BC3): Planetaren berotzearen % 6 inguru hegazkingintzaren sektoreari lotuta dago
Jon Sampedro (BC3): Planetaren berotzearen % 6 inguru hegazkingintzaren sektoreari lotuta dago
Jon Sampedro (BC3): Planetaren berotzearen % 6 inguru hegazkingintzaren sektoreari lotuta dago

1:42

Horren aurrean, gizarteak badu erantzukizun handi bat. Egia da geroz eta barneratuago dugula gure artean planetaren iraunkortasuna bermatzen duten neurriak hartzea. Hegazkinek zenbat kutsatzen duten ere gauza jakina da, baina oporrak iristen direnean, askok hegazkina hartzen dute, etxetik ez oso urrun joateko ere, beste garraiobide iraunkorrago bat aukeratu beharrean, itsasontzia edo trena kasu. 

Ba al dakigu, adibidez, Bilbotik Madrilerako bidaia autoz, trenez edo hegazkinez egiten badugu, alde handia dagoela kutsadurari dagokionez?

Bilbo-Madril ibilbidea trenez, hegazkinez eta autoz

Garraioen sektorean karbono dioxidoaren emisioak areagotzen ari dira, eta, ekologisten esanetan, hegazkinak dira horren erantzule nagusiak. Gauzak horrela, Jon Sampedro klima-aldaketaren aurka lanean diharduen ikerlariak argi du garraiorako beste aukera batzuk topatzea dela lehentasuna, oraingoz ez baitago hegazkin jasangarririk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Gaurko albisteak Bizkaia Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Frantzia bideoak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Bidaiak 2023 Larrialdi klimatikoa albisteak Kutsadura