Mundua -
Zaldi haragiaren iskanbila
Frantziak Findus eta Carrefour etxeetako lasainak erretiratu ditu
Picard eta System U etxeetako produktuekin ere gauza bera egin du. Zaldi haragiaren jatorria Errumaniako hiltegi batean dagoela uste dute, zaldi haragia txahalkia balitz bezala saltzen baitzuten.
Erredakzioa
Findusekin gertatu bezala, Picard, Carrefour eta System U etxeetako lasainak dendetatik erretiratu dituzte Frantzian, txahalkiaren ordez zaldi haragia izan dezaketelako susmopean. Etxe horik guztiek Luxeburgoko hornitzaile bera erabiltzen zuten.
Europe 1 irrati kateak bere webgunean iragarri duenez, Comigel izeneko enpresa zen Findus, Picard, Carrefour eta Systeme U etxeentzako lasainak egiten zituena. Susmoen arabera, Comigelek Errumaniako hiltegi bateko haragia erabiltzen zuen. Hiltegi horretan, zaldi haragia txahalkia balitz bezala saltzen zuten.
Picard etxeko ordezkari batek irratian adierazi duenez, "Formule express" izeneko bi produktu sorta izan dira dendetatik erretiratu dituztenak, hornitzaileei egiten dieten eskaera "oso zorrotza delako: haragiak txahalkia izan behar du, % 100ean".
Ordezkariak iragarritakoaren arabera, produktuak aztertzen ari dira, eskatutako baldintza betetzen dutela ziurtatzeko.