Mundua -
Klima-aldaketa
Akordiorik lortu gabe jarraitzen du Varsoviako Klimaren Konferentziak
Kontu jakin batzuetan adostasunera iritsi dira herrialde parte-hartzaileak, baina gai nagusiek irekita jarraitzen dute.
Erredakzioa
Varsoviako Klimaren Konferentziak uste baino egun bat gehiago iraungo du. Negoziazio gau luze baten ostean, ezin izan dute akordiorik lortu gai nagusien inguruan. Banaketak daude garapen bidean dauden herrialdeei eman beharreko laguntzen eta isurpenak murrizteko bide-orri baten faltaren inguruan.
Negoziatu den zirriborro berriko egutegiak zehaztasun gutxi du. 2015eko Parisko bilkurara begira, herrialdeek CO2 isurketak murrizteko helburuak noiz aurkeztu behar dituzten ez da argi azaltzen.
Europar Batasunak herrialde bakoitzak bere helburuak 2015. urtea baino lehen aurkeztera bultzatu ditu, baina garapen bidean dauden herrialdeek ez dute halakorik nahi.
Konferentziako presidentetza poloniarrak adierazi duenez, negoziazioak gaur arratsaldera arte luzatu daitezke.
Irekita jarraitzen duen gaietako bat klima aldaketaren aurkako politiken finantziazioa da. Garapen bidean dauden herrialdeek garatuei haratago joateko eta konpromiso itxiak hartzeko eskatzen diete.
Gai nagusiek zabalik jarraitzen duten arren, kontu jakin batzuetan adostasunera iritsi dira, esaterako, deforestazioaren eraginez isurtzen diren berotegi-efektuko gasen emisioa murriztea.
NBEren REDD programaren barnean kokatzen da akordio hori. Deforestazioaren eta basoen narriaduraren ondorioz sortzen diren berotegi-efektuko gasen emisioa murrizteko ekimena da REDD.
Gainera, konferentzian bertan, Ameriketako Estatu Batuek, Erresuma Batuak eta Norvegiak 280 milioi dolar eskainiko dituztela adierazi dute, garapen bidean dauden herrialdeetan baso-proiektuak bultzatuko dituen akordioa finantzatzeko.