Mundua -
Tentsioa Gazan
106 palestinar hil eta 680 zauritu dituzte lau egunetako erasoaldietan
Gazako Zerrendan lurreko erasoa egiteko dena prest dago dagoeneko, eta erabaki politiko baten zain daude soilik. Netanyahuk nazioartearen presioa errefusatu du.
Erredakzioa
Dagoeneko 106 palestinar hil eta 680 zauritu dira Israelgo militarren erasoaldiek iraun duten lau egunetan, medikuek jakitera eman dutenez.
Egunsentia baino lehen, Israelgo abiazioaren erasoen azken biktimen artean zortzi pertsona zeuden, horien artean urte gutxiko haur bat eta 7 urteko beste bat, Gazako Osasun Ministerioak azaldu duenez.
Israelgo Armadak ostiral honetan “Marjina babeslea” ofentsiba militarraren barruan Gaza intentsitatez bonbardatu du, Palestinako miliziek Israelen aurka koheteak jaurtitzen jarraitzen duten bitartean.
Israelgo gerra abiazioek eta ontziek goizaldean eraso egin diote Zerrendako 50 objektibori, horien artean, lau etxebizitzari.
Giza erakundeen arabera, zerrendako 300 etxebizitza baino gehiago guztiz suntsitu dituzte, eta hainbat oso kaltetuta daude. Ondorioz, bi mila pertsona baino gehiago etxerik gabe daude.
Lurreko erasoaldia, prest
Beny Gantz Israelgo Armadako buruak esan duenez, Gazako Zerrendan egindako lurreko erasoa dagoeneko prest dago, eta erabaki politiko baten zain dago soilik.
“Kanpaina hau era zuhurrean eta ez histerikoan begiratu behar dugu. Ezerk ez du ekidingo geuk aurrera egitea. Israelgo Armadak ez du ur basoak gainezka egitea behar lurreko operazioa jaurtitzeko, arau politiko bat soilik”, adierazi du Gantzek.
Netanyahuk nazioartearen presioak errefusatu ditu
Nazioartearen presioak arbuiatu ditu Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak. Aurrera jarraituko dutela eta Gazaren aurkako erasoaldi militarra areagotu dezaketela ziurtatu du buruzagiak.
Azken lau egunetan Israelgo Armadak Hamasen mila instalazio baino gehiago bonbardatu dituela jakitera eman du eskuineko buruzagiak agiri ofizial batean.
Azken egunetan, besteak beste, Barack Obama AEBetako presidentea, Angela Merkel Alemaniako kantzilerra, Vladimir Putin Errusiako presidentea eta David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroarekin hitz egin duela esan du Netanyahuk.
"Erantzunik eman gabe, bere zibilei eraso egitea utz dezakeen herrialderik ez dagoela esan diet guztiei", azpimarratu du. "Gure hondamendia nahi duen erakunde terrorista baten aurka gure indar guztiarekin ekitea ezin du nazioarteko presioak eragotzi", ohartarazi du.
NBEk zibilei ez erasotzea eskatu dio Israeli
Navi Pillay Giza Eskubideentzako Nazio batuen Goi Ordezkariak Gazako Zerrendan gatazka indartzen ari dela salatu du, eta Israeli nazioarteko legea ez urratzea eskatu dio, herritarren guneak, bereziki etxbizitzak, bonbardatzen dituenean.
“Txosten oso kezkagarriak jaso ditugu biktima gehienak zibilak, haurrak barne, etxebizitzen aurka egindako erasoen ondorioz izan direla esanez. Txosten horiek susmo handia eragin ditu Israelek nazioarteko legea betetzen duen ala ez gaiari buruz”, azaldu du Pillayk, ohar batean.