Mundua -
Hanburgo
G20an bildutako agintariek klima eta merkataritza akordioak itxi dituzte
Bien bitartean, globalizazioaren kontrako taldeek deitutako protestak nagusi izan dira kalean. Istiluetan 70 bat lagun atxilotu dituzte, bilbotar bat tartean.
Agentziak | Erredakzioa
Larunbat honetan G20ren goi-bileraren azken eguna izan da, eta egunotan Hanburgon elkartu diren nazioarteko ekonomia nagusietako eta suspertzen ari diren herrialdeetako agintariek ekarpen nagusiak adosteko aukera izan dute. Hala, zaila zirudien arren nolabaiteko adostasuna lortu dute garrantzia handiko bi gaietan: merkataritza libreari dagokionean eta aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan.
Donald Trump AEBko presidenteak klima aldaketaren inguruan duen jarrera dela eta ez du Parisko akordioa berretsi nahi izan, eta nazioarteko beste herrialde batzuei "energia fosilak, era eraginkorragoan bada ere, erabiltzen jarraitzen" laguntzeko estuki lan egingo duela jasotzen duen atal bat erantsi nahi izan du. Dena dela, agintariek sinatutako akordioak argi uzten du puntu hori herrialde horrek bakarrik babesten duen jarrera besterik ez dela.
Trumpek egindako proposamen hori klimari buruzko Parisko akordioaren kontra doan arren, gainontzeko hemeretzi herrialdeetako agintariek itun horretan jasotzen diren betebeharrak errespetatuko dituztela ziurtatu dute.
Nazioarteko agintariek ez dituzte hainbeste zailtasun izan merkataritza libreari buruzko akordioa adosteko orduan, eta G7ren azken goi-bileran lortutako adostasunari jarraiki "protekzionismoaren kontrako konpromisoa" onartu dute. Alabaina, AEBk bultzatuta babes neurriak hartzeko eskubidea izango dute herrialdeek.
"Oso pozik nago, merkatuak zabalik jarraitu behar dutela argi esatea erraza izan delako. Protekzionismoaren kontra borrokatu beharra dago", azpimarratu du Angela Merkel Alemaniako presidenteak goi-bileraren ostean egindako agerraldian.
Halaber, nazioarteko herrialde guztiak Munduko Merkataritza Erakundeak (OMC) araututako neurriak betetzeko prest daudela goraipatu du Merkelek, eta itun hori berriro aztertzeko prest agertu da.
Merkelen esanetan, egunotako negoziazioak "zailak" izan dira, baina horiek albo batera utzi eta gai garrantzitsuetan akordioak ixtea lortu dutela nabarmendu du.
Turkiaren erabakia
Parisko Ituna berresteko prozesua bertan behera utzi du Turkiak, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak berak iragarri duenez. Akordio horretatik AEB atera izanagatik erabaki du hori Turkiak.
"AEBk emandako urratsen ondorioz, Parisko Ituna berresteko prozesua bertan behera utzi du Turkiako Parlamentuak", azaldu du Erdoganek G20ko goi-bileraren amaieran, Hanburgon.
Erdoganek adierazi duenez, akordioan jasota dauden zigorrak ezarriko ez dizkiotela baieztatu arte, Turkiak ez du ituna berretsiko.
G20ren goi-bileraren kontrako protestak
Bien bitartean, globalizazioaren kontrako taldeek deitutako protestak nagusi izan dira kalean. Manifestarien eta poliziaren artean izandako istiluetan ehunka pertsona zauritu dira. Gauzak horrela, protestekin lotura dutelakoan 70 bat lagun atxilotu dituzte, bilbotar bat tartean, Sare Antifaxistak jakitera eman duenez.
Sare Antifaxistak atxiloketa horiek salatu ditu, eta elkartasuna adierazi die guztiei. Era berean, polizia operazioetan atxilotutako lagunak askatzeko exijitu dute.
Arrazoi horregatik, larunbat arratsalde honetan elkarretaratzea antolatu dute Bilboko Arriaga Antzokian.