Mundua -

Errusia

Mendebaldeak boikota egin dio Munduko Futbol Txapelketaren hasiera-ekitaldiari

Alemania, Frantzia eta Erresuma Batuko agintariak ez dira inaugurazioan izan, Vladimir Putini zilegitasuna ematea saihesteko.

Vladimir Putin, inaugurazio-ekitaldian egin duen agerraldian. Argazkia: EFE
Vladimir Putin, inaugurazio-ekitaldian egin duen agerraldian. Argazkia: EFE
Vladimir Putin, inaugurazio-ekitaldian egin duen agerraldian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur hasi da Munduko Futbol Txapelketa Errusian. Arratsaldean egin dute inaugurazio-ekitaldia, Luzhinki estadioan. Laburra eta bizia izan da, eta, besteak beste, Vladimir Putinek hartu du hitza.

"Arrakasta opa diet selekzio guztiei eta zaleek une gogoangarriak bizitzea espero dut", esan du Errusiako presidenteak tribunatik.

Duela 18 urte boterea eskuratu zuenetik, oso gutxitan joan da futbol zelai batera partida bat ikustera, baina gaur bertan izan da, Munduko Txapelketaren hasierako ekitaldia zuzentzen, Gianni Infantino FIFAko presidentea alboan zuela.

Nazioarteko buruzagi asko ere egon dira bertan; Boliviako, Paraguaiko eta Panamako presidenteak, Kremlinaren aliatuak eta Saudi Arabiako printzea tartean.

Mendebaldeko buruzagiek, berriz, boikota egin diote ekitaldiari, ez Munduko Futbol Txapelketari, Vladimir Putini zilegitasuna ematea ekiditeko.

Angela Merkelek eta Emmanuel Macronek ez dute baztertu Alemaniaren eta Frantziaren partidaren bat ikustera joatea, baina ez dira inaugurazioan izan.

Aitzitik, Erresuma Batuko, Australiako, Poloniako, Danimarkako eta Islandiako gobernuburuek dagoeneko iragarri dute ez direla Errusiara joango.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko Futbol Txapelketa Nazioartea Errusia Vladímir Putin Erresuma Batua Alemania Frantzia Albisteak