Mundua -

Venezuela

Rodriguezek Borgesi egotzi dio Maduroren aurkako atentatuaren autoretza intelektuala

Venezuelako Gobernuarentzat "ez dago zalantzarik"; Borges opositorea izan zen Madurok abuztuaren 4an jasandako "magnizidioaren egile intelektuala eta materiala".

Julio Borges. Argazkia: EFE
Julio Borges
Julio Borges. Argazkia: EFE

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jorge Rodriguez Venezuelako Komunikazio eta Informazio ministroak Julio Borges diputatu opositoreari egotzi dio, joan den abuztuaren 4an, Nicolas Maduro presidentearen aurka izandako atentatuaren "autoretza intelektuala".

Rodriguezek prentsaurrekoa eman du ikerketaren nondik norakoak azaltzeko. Venezuelako Guardia Nazionaleko zazpi kide zauritu ziren presidente venezuelarraren aurka drone leherkariak erabilita egindako erasoan.

"Ezbairik gabe Julio Borges da Maduroren aurkako magnizidioaren egile intelektuala eta materiala", esan du Rodrigeuezek kazetarien aurrean.

Orain arte, erasoa gauzatzeko materiala Venezuelan sartzeko ustezko kudeaketak baino ez zizkioten egotzi agintariek Borgesi.

Bestalde, erasoaren harira hiru atxiloketa gehiago izan direla jakinarazi du ministroak: Oswaldo Gabriel Castillo, Wilder Anderson Vasquez eta Rafael Ernesto Diaz atxilotu dituzte.

Borgesek, berriz, "magnizidio bakarra Fernando Alban" oposizioko zinegotziaren heriotza izan zela erantzun dio ministroari. Venezuelako Gobernuaren eta herriko Fiskaltzaren esanetan, Albanek bere buruaz beste egin zuen, baina oposizioaren arabera, hil egin zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Atentatuak Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Nicolás Maduro