Mundua -

Iraultza Libian

Eraso bat martxan jartzeko eskatu diote NBEri Libiako matxinoek

Matxinoak Brega defendatzeko prestatzen ari dira, Gadafiren tropen eraso berri posibleen aurrean. Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiak gerra-krimenak ikertuko ditu.

79

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gadafiren erregimeneko "mertzenarioen aurka" aire-eraso bat martxan jartzeko eskatu dio gaur NBEko Segurtasun Kontseiluari Libiako matxinoen zuzendaritzak.

"Gure Armadak ezin du mertzenarioen kontra erasorik egin, defendatzeko papera duelako", adierazi du Abdelhafiz Hoga matxinoen bozeramaileak prentsaurrekoan, Bengasin.

"Aire-eraso estrategiko bat eta atzerriko esku-hartzea gauzak ezberdinak dira, bigarrenaren aurka gaudelako", azpimarratu du oposizioko indarren bozeramaileak. Libiako gatazkan atzerriko indarrek esku hartzea izatea arbuiatu du matxinoen ordezkariak.

Oposizioko indarrek sortutako Batzorde Nazionala Libiako ordezkari legitimo bakar gisa onartzea eskatu du bozeramaileak, eta Gadafiren enbaxadak aintzat ez hartzeko eskatu die herrialde guztiei.

Brega matxinoen kontrolpean dago

Matxinoak Bregako errepide nagusira atera eta Gadafiren tropen eraso berri posibleei aurre egiteko prestatzen ari dira, asteazken honetan hiritik kanporatu ostean.

Hiria eraso egin dute diktadorearen soldaduek goizean, baina matxinoek kontra egin eta hiritik kanporatu dituzte.

Gadafiren tropen erasoaldia

Bien bitartean, herrialdeko ekialdean, Gadafiren tropak eraso egiten hasi dira Braga eta Ajdabiya herrien aurka.

Goizean, militarrek Bragaren kontrola hartu zuten, baina ondoren matxinoek berriz berreskuratu dute.

"[Gadafiren soldaduak] Braga okupatzen saiatu dira gaur goizean, baina porrot egin dute", esan du Mustafa Gherianik.

Braga Bengasitik 70 kilometrora dago, eta petrolio-hobiak ditu.

Halaber, hainbat iturriren arabera, Gadafiren tropak Ajdabiyara abiatu dira, eta bertan eztandak entzun dira.

Al Yaziraren arabera, matxinoek herri hori bonbardatzen ari zen hegazkin bat eraitsi dute.

Hagak ikerketa bat zabalduko du

Libian izandako indarkeria argitzeko ikerketa bat abian jarriko du Luis Moreno-Ocampo Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiko fiskalburuak. "Eskuragarri duen informazioaren aztertu eta gero, ikerketa bat egiteko lain duela erabaki du", jakinarazi du Fiskaltzak komunikatu baten bidez.

Horrela, gerra-krimenak egin dituzten pertsona susmagarrien izenen zerrenda bihar iragarriko du fiskalburuak.

"Hondamendi humanitario handia"

Antonio Guterres Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziako (ACNUR) goi komisarioak dei egin du Libian dauden atzerritarrak berehala ebakuatzeko, herrialdea gerra zibilaren atarian egon litekeela eta.

"Ebakuazio jendetsua behar dugu, hondamendi humanitario handia ikusten ari baikara", ohartarazi du Guterresek, BBC telebista-kate britainiarrean telefonoz eskainitako elkarrizketa batean.

Hori horrela, "finantziazioa, hegazkinak, ontziak eta langile espezializatuak" emateko eskatu die atzerriko Gobernuei.

ACNURren arabera, otsailaren 17an iraultza hasi zenetik, 140.000 pertsonak egin dute ihes Libiatik, 75.000k Tunisiara, eta 70.000k Egiptora. Nolanahi ere, Libian hainbat langile atzerritar dago oraindik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Mundua berriak NBE Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Libia gaur