Mundua -

'Brexit'

Londresek 'ezinezko' jotzen du EBtik ateratzeko akordioa lortzea

Horixe adierazi die Gobernuko iturri batek britainiar hedabideei. Boris Johnson David Sassoli Europako Parlamentuko presidentearekin elkartu da, baina "ez da aurrerapausorik izan", Sassoliren arabera.

Boris Johnson lehen ministro britainiarra. Argazkia: Efe
Boris Johnson lehen ministro britainiarra. Argazkia: Efe
Boris Johnson lehen ministro britainiarra. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Boris Johnson lehen ministro britainiarraren Gobernuak "ezinezkotzat" jotzen du Bruselarekin akordioa lortzea Erresuma Batua Europar Batasunetik modu ordenatuan atera dadin urriaren 31erako, Gobernuko iturri batek jakitera eman duenez.

Buruzagi kontserbadoreak esan du herrialdea "ondo prestatuta" dagoela hilabetea amaitu aurretik Europar Batasuna uzteko, hau da, Munduko Merkataritza Erakundearen babesean merkataritza muga-zergak jartzeko.

Aipatu iturriak hedabideei azaldu dienez, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin telefonoz hitz egin ostean, Johnsonen Gobernuak "funtsean ezinezko" ikusten du epearen barruan ituna lortzea.

Isil-mandatariaren arabera, elkarrizketa horretan Merkelek "oso zail" ikusi du Johnsonen proposamenean oinarritutako adostasuna lortzea, Irlanda babesteko beharra baitago tartean.

Merkelen eta Johnsonen hizketaldiaren aurretik, The Spectator aldizkariak (agintari kontserbadoreak zuzentzen zuen) Gobernuko iturri anonimo batek 'brexit'ari buruz egindako adierazpen batzuk argitaratu zituen.

Iturri horren arabera, Bruselarekin dituzten negoziazioak ziurrenik aste honetan bertan amaituko direla eta, datozen egunetan porrot eginez gero, ez direla berriro akordioren bat lortzen saiatuko aurreratu zuen Dominic Cummingsek, Johnsonen aholkulari polemikoak.

Gainera, ohartarazi zuen Erresuma Batuak negoziazioak luzatzea babesten duten herrialdeak baztertuko dituela eta luzapenaren aurka daudenak sarituko dituela.

Johnson-Sassoli batzarra

Gaur bertan bilera egin du Boris Johnsonek David Sassoli Europako Parlamentuko presidentearekin, eta 'brexit'erako duen proposamena defendatu du haren aurrean, baina, horren arabera, "ez da aurrerapausorik izan bi aldeen artean".

Ohar batean, lehen ministroaren bozeramaileak esan du Johnsonek akordioa lortu eta urriaren 31n ateratzeko nahia agertu duela, hori baita bere "lehentasuna", baina "akordiorik gabe" ere EB berdin-berdin utziko duela azpimarratu du.

Johnsonen iritzian, Irlanda babesteko proposamena "urrats adierazgarria" eta "zentzuzko konponbidea" da, Ostiral Santuko ituna eta merkatu bakarra errespetatzen baititu, eta Ipar Irlandako Parlamentuari ahotsa ematen baitio.

Sassoliren esanetan, baina, "ez da aurrerapausorik izan" akordio bat lortzeko bidean, eta gauzak gaur egun dauden moduan egonda, "luzapena edo akordiorik gabeko irteera" dira aukerak.

"Negoziazioei bultzada emango zieten proposamenak entzuteko esperantzarekin etorri naiz. Hala ere, aurrerapenik ez dela izan egiaztatu dut", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ezkozia bideoak Zer ari da gertatzen Europan? Erresuma Batua Alemania albisteak Angela Merkel argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Brexit albisteak Zer da Brexita Londres albisteak gaur Ingalaterra Boris Johnson