Mundua -
IRAN
AEBn 'mehatxuen aurrean' batasunerako deia egin die Jameneik herri islamiarrei
Europaz ere 'ez fidatzeko' eskatu du aiatola irandarrak, milaka jarraitzaileren aurrean egin duen otoitzean, Teheranen.
A
Ali Jamenei Irango buruzagi gorenak berriro esan du Qasem Soleimani jeneralaren hilketa ez dela erantzunik gabe geratuko. Horren iritzian, duela bi aste Teheranen izandako hegazkin istripua "gertaera mingotsa" izan zen, eta Iranek "giza akats baten ondorioz eraitsi" zuela onartu arren", beste herrialde batzuk "ezbehar hori Soleimaniren hiketa estaltzeko" erabiltzen ari direla esan du aiatolak.
Milaka jarraitzailaren aurrean, Teheranen, ostiraleroko otoitzean hartu du parte gaur Jameneik, azken zortzi urteotan aurreneko aldiz. Bertan esan duenez, Estatu Batuen "mehatxuen aurrean" ezinbestekoa da "herrialde islamiarren" batasuna, eta "amore ez emateko" deia egin die herrikideei.
Iran eta inguruko herrialdeak "mendean hartu" eta "horien aberastasunak kontrolatu" nahi izatea egotzi die Estatu Batuei Irango buruak. Soleimaniren hilketaren ondoren mendekua agindu zuen, eta bere hitza beteko duela hitz eman du, gaur ere. Donald Trump AEBko presidentearen moduko "pailazoen" hitzei kasurik ez egiteko eskatu die bere jarraitzaileei Jameneik.
Irango jeneral ohiaren hiletetan parte hartu zuten guztiei eskerrak eman dizkie, "Irango herriaren indarra eta erresistentzia" agerian utzi zutelako.
Halaber, Europako hainbat herrialdek ere "Iran makurraraztea" nahi dutela ziurtatu du, "Trumpen morroiak" direla esanez.
Europari ere zuzendu zaio Jamenei, gaurko agerraldian. Erresuma Batuak, Frantziak eta Alemaniak Trumpen "presiopean" lan egiten dutela salatu du, eta herrialde horietaz ez fidatzeko esan die jarraitzaileei.