Mundua -
AEB
45 lagun atxilotu eta 21 zauritu dituzte Seattlen, arrazismoaren aurkako protestetan
2.000 pertsona inguru bildu dira bart hirigunean, George Floyden heriotzaren ondotik AEBn egiten ari diren arrazakeriaren aurkako protesten baitan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
45 lagun atxilotu eta 21 polizia zauritu dituzte Seattle hirian larunbat gauean izan diren protestetan. George Floyden heriotzaren ondotik, arrazismoaren eta polizien basakeriaren aurka altxatu dira milaka manifestari AEBko hainbat hiritan.
"Poliziak 45 atxiloketa egin ditu ekialdeko barrutian izan diren istiluekin lotuta. Gainera, 21 polizia zauritu dituzte horietan, adreiluekin, harriekin eta lehergaiekin kolpatu ostean", azaldu du Seattleko Poliziak Twitter bidez.
Halaber, txio horretan zehaztu dute poliziek lanean jarraitu ahal izan dutela, protestak bukatutakoan. "Horietako bat ospitalera eraman behar izan dute, belaunean lesio bat zeukalako", gaineratu dute.
2.000 pertsona inguru batu dira bart hirigunean, Capitolio auzotik gertu. Hain zuzen ere, bertantxe egin izan dituzte George Floyden heriotzaz geroztik Seattlen antolatutako protestak.
Agenteek jakitera eman dutenez, manifestariek autoetako leihoak hautsi dituzte, baita zenbait saltokietako kristalak ere. Bestalde, lehergai batek eragindako kalteak aztertzen dabiltza, The Hill egunkariaren arabera.
Derek Chauvin poliziak hil zuen George Floyd, bederatzi minutuz belaunarekin lepoa "zanpatu" ziolako, eta gerora iritsi ziren AEBko hirietan egiten ari diren protestak. Azkenaldian, arrazakeriaren aurkako mugimenduak indarra hartu du Ameriketako Estatu Batuan.