Mundua -

KORONABIRUSA

EBko herrialdeek Schengen eremuko mugak ez ixtea adostu dute britainiar aldaeragatik

Azken 24 orduetan, Belgikak, Italiak, Alemaniak, Frantziak, Herbehereek eta Austriak Erresuma Batuarekiko hegaldiak eta konexioak debekatzea erabaki dute.

Londres. Irudia: EITB Media
Londres
Londres. Irudia: EITB Media

I. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko (EB) herrialdeek Schengen eremuaren barne mugak zabalik mantentzea adostu dute astelehen honetan, Alemania, Frantzia, Italia eta Belgikak Erresuma Batuarekin dituzten loturak bertan behera utzi ostean, herrialde horretan atzemandako koronabirusaren aldaera berria dela eta.

Europar Batasuneko 27 herrialdeetako aholkulari teknikoek premiazko bilera egin dute IPCRaren (krisiari emandako erantzun politiko integratua) krisi-mekanismoaren inguruan, hiru orduz luzatu dena.

27ek ez dute Erresuma Batuarekin mugak berriz irekitzeko neurririk adostu, baina Europako iturrien arabera, "Estatu kideentzat garrantzitsua den beste gai bat Erresuma Batutik itzuli nahi duten herritar eta legezko egoiliarren aberriratzea da".

Azken 24 orduetan, Belgikak, Italiak, Alemaniak, Frantziak, Herbehereek eta Austriak Erresuma Batuarekiko hegaldiak eta konexioak debekatzea erabaki dute, Irlandak murrizketak ezarriko ditu eta Greziak zazpi eguneko koarentena eskatuko die bertatik iristen diren guztiei.

Espainiako Gobernuak eta Portugalgoak asteartetik aurrera Erresuma Batutik datozen herritarren sarrera debekatzea erabaki dute, espainiarrak edo Espainian bizi diren herritarrak badira izan ezik, Moncloako iturriek jakitera eman dutenez.

Astelehen honetako bileran, EBko herrialdeetako teknikariek Europar Batasuneko 20 bat herrialdek Erresuma Batuan atzemandako birusaren aldaera berriaren inguruan hartutako neurriei buruzko informazioa trukatu dute, "batez ere bidaiarien eta kargaren mugimenduari dagokionez", eta Europako Batzordeari aholkularitza eskatu diote koordinatzeko.

"Parte-hartzaileek Europar Batasunaren ikuspegi koordinatua lortzeko ekintza azkar baten alde daudela adierazi dute, Erresuma Batuarekiko konexioei aplikatutako neurriekin lotuta, eta jarraibideak eskatu dizkiote Batzordeari", gaineratu dute iturriek.

Erresuma Batuarekiko muga ixteak asaldura handiak eragin ditu errepideetan eta portuetan, baita Britainia Handiko aireportuetan ere. Izan ere, azken orduetan ezin izan dira itsasoratu helmuga kontinentaletara.

'Brexit'aren ostean, Europar Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko akordioa lortzeko epea 10 egun barru amaituko da, eta Bruselako eta Londresko taldeek azken orduko akordioa lortzeko ahaleginean jarraitzen dute.

Bestalde, hainbat estatu kidek (Herbehereak, Belgika eta Italia) iragarri dute aldaera berriaren kutsatzeak atzeman dituztela euren lurraldean; Erresuma Batuak, berriz, Gibraltarren ere atzeman dituztela adierazi du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Erresuma Batua Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Londres Futboleko Eurokopa Koronabirusa