Mundua -

Koronabirusa

Hildako kopururik handiena Gazako Zerrendan, Israelek maskara kentzen duen bitartean

Pandemiaren eta Israelen blokeoaren ondorioz Gazako osasun sistema gainezka dago. Biztanleen % 0,8k soilik (33.000 bat pertsona) jaso dute txertoaren lehen dosia.

Mutiko bat, zain, Gazako Zerrendan. Argazkia: EFE
Mutiko bat, zain, Gazako Zerrendan. Argazkia: EFE
Mutiko bat, zain, Gazako Zerrendan. Argazkia: EFE

EiTB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

23 pertsona hil dira azken 24 orduetan Gazako Zerrendan (Palestina) covid-19aren eraginez, aurrekaririk ez duen heriotza kopurua da. Konkretuki, egindako PCR proben % 40k positibo eman dute.

Gazan pandemia hasi zenetik 761 pertsona hil dira gaixotasunak jota, Palestinako Osasun Ministerioak jakitera eman duenez. Bi milioi pertsona bizi dira Zerrendan, dentsitate handiena duen munduko txokoetariko bat da.

466 kutsatu berri zenbatu dituzte azken orduetan. Bitartean, Zisjordanian 11 pertsona hil dira azken orduetan, eta 522 positibo berri zenbatu dituzte.

Pandemiaren eta Israelen blokeoaren ondorioz bertako osasun sistema gainezka dago. Biztanleen % 0,8k soilik (33.000 bat pertsona) jaso dute txertoaren lehen dosia. Gazak Sputnik V Errusiako txertoaren milaka dosi ditu, Arabiar Emirerri Batuetatik iritsi direlako.

Maiatzaren 22rako asteak falta direnean argitaratu dira datuok, Palestinan 15 urte eta gero egingo diren lehen hauteskunde legegileen atarian, hain zuzen ere.

Ramadan hile santuan ezarritako gaueko etxeratze aginduarekin martxoko kutsatzeen hazkundea geldiarazi nahi izan dute eta neurri murriztaile horien ondotik datoz arestian aipatutako zifrak.

Beste alde batetik, Zisjordania okupatuko egoera larriak ere aipamen berezia merezi du. Izan ere, datuak hobeak zirela zirudienean, neurriak murriztu dituzte Ramadanean eta denda batzuei larunbatetan zabaltzeko baimena eman zaie ostiraletan ixteko baldintzarekin.

Zisjordaniako Osasun Ministerioaren datuen arabera, hiru milioi biztanletik 125.000k txertoa hartu dute eta egunean 500 kutsatze inguru jazo dira azken egunetan.

Bestalde, Israeleko herritarren erdiak baino gehiagok jaso du txertoaren bigarren dosia eta azken asteetan oso kutsatze gutxi erregistratu dituzte. Ondorioz, urtebeteren ostean, musukorik gabe ibil daitezke israeldarrak kaletik gaurtik aurrera.

Israelen eta judu kolonietan lan egiteko baimena duten 120.000 langile palestinarrek txertoa hartu duten arren, GKEk hilabeteak daramatzate honakoa salatzen: Zisjordania eta Gazako biztanleriarentzako txertaketa plana bultzatu behar du Israelek, "potentzia okupatzaile" gisa haren ardura dela irizten baitiote.

Era berean, ehiza-hegazkin eta helikoptero israeldarrek Gaza bonbardatu zuten apirilaren 17an, Hamasen kontrako operazioan. Israelgo armadaren arabera, erasoaldia Gazako Zerrendatik jasotako bi suzirik bultzatu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gaixotasunak Gazako albisteak Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Osasun albisteak Koronabirusa Ekialde Hurbila