Mundua -

Palestinar Aginte Nazionala

Mahmud Abasek maiatzeko hauteskunde legegileak atzeratu ditu

Israelek ez du Jerusalem ekialdean bozkatzeko baimena eman, eta horri egotzi dio erabakia Palestinako presidenteak. Hamasen arabera, ordea, aitzakia da. 2005ean egin ziren azken bozak.

Israelek ez du baimenik eman Jerusalem ekialdean botoa emateko. Argazkia: EITB MEDIA
Israelek ez du baimenik eman Jerusalem ekialdean botoa emateko.
Israelek ez du baimenik eman Jerusalem ekialdean botoa emateko. Argazkia: EITB MEDIA

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mahmud Abas Palestinar Aginte Nazionaleko presidenteak iragarri du maiatzaren 22rako aurreikusita zeuden hauteskunde legegileak atzeratu dituela, Israelek ez baitu baimenik eman Jerusalem ekialdean bozkatzeko (lurralde okupatua da, Israelek anexionatutakoa). 2005etik egin ziren azkenekoz bozak Palestinan.

Palestinako fakzio politiko ezberdinekin bildu ostean iragarri du erabakia Abasek. "Ez ditugu hauteskundeak egingo Jerusalem bazter utzita. Bozak nahi ditugu bertan, baita Ramallah hirian ere", nabarmendu du. 

Adituen ustez, ordea, Israelen baimen falta aitzakia baino ez da izan Abasentzat. Izan ere, Fatah alderdiak irabazteko aukera gutxi zituela uste dute, oraingo honetan hiru zerrenda aurkezten baitziren bozetara eta ofizialistak aukera gutxi zituen Hamasen aldean.

Atzerapenak haserrea eragin du hauteskundeetan parte hartu behar zuten 36 zerrendetako ordezkarien artean. Hamas, esaterako, oso kritiko azaldu da. Gazan nagusi den mugimendu islamistaren ustez, atzerapenak "ondorioak izango ditu palestinarren berradiskidetzean, eta ziurgabetasun handia ekarriko dio herri palestinarrari".

"Hauteskunde legegileak atzeratzea batasun nazionalaren kontrakoa da. Kairon adostutakoaren (bozak egitea itundu zuten fakzio guztiek Egiptoko hiriburuan) kontrako estatu kolpea da", salatu du Hamasen bozeramaileak.

Bien bitartean, Abasek hitzeman du "nazioarteko ebazpenekin bat egiten duten beste fakzioekin batasun nazionaleko gobernu bat osatzeko" lan egingo duela, eta nazioarteari eskatu dio "Israeli presioa egiteko" jarrera erasokorra bazter utz dezan. 

Jerusalemen bizi diren 350.000 palestinarretatik 150.000k dute bozkatzeko eskubidea, eta Israelgo harresiaren bestaldean dauden guneetan eman dezakete botoa. Dena dela, beste 6.000 pasatxok Jerusalemgo Postaren bulegoetan egin behar dute, baina horretarako aurrez baimena eman behar du Israelek. 2005eko bozetan hala egin zuen, baina oraingoan ez du oniritzirik eman

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Hauteskundeak Jerusalem Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean?