Mundua -

naziorateko diplomazia

Biden, Marokorekin eta Israelekin dituen harremanak zehazteko atakan

Israel eta Palestinaren arteko eta Maroko eta Sahararen arteko gatazkak mahai gainean, Trumpek herrialde arabiarrekin hartutako akordioei eusten dien ala ez erabakitzeko eskatu diote Etxe Zuriari.

Joe Biden. Argazkia:EFE
Joe Biden.
Joe Biden. Argazkia:EFE

o.p. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joe Bidenen administrazioarekiko presioak areagotzen ari dira egunero, Israelen eta Palestinaren arteko eta Marokoren eta Mendebaldeko Sahararen arteko gatazken aurrean bere jarrera argi utz dezan. Bidenek herentzian jaso zituen Donald Trumpek bultzatutako Abrahamen Akordioak, Arabiar Emirerri Batuak, Bahrein eta Sudanek Israelekin zituzten harreman diplomatikoak berrezartzen zituztenak, merkataritzari eta inbertsioei ateak irekiz eta Iran geldiarazteko aliantza indartsuagoak sortuz.

Etxe Zuria utzi aurreko egunetan, Trumpek iragarri zuen Marokok ere bat egin zuela akordioarekin, herrialde horrek Israelekin zituen harremanak normalizatuz modu horretan. Mendebaldeko Sahara galtzen atera zen tratuan; izan ere, akordio horren esparruan, AEBk Marokori Sahararekiko gaineko subiranotasuna onartu zion.

Marokon eta Israelen irekitako gatazkak mahai gainean direla, Bidenekiko presioak gero eta indartsuagoak dira, bai etxe barrukoak, bai nazioartekoak: Etxe Zuriak erabaki behar du Trumpen akordioei eusten dien edo Israelekin eta herrialde arabiarrekin dituen harremanetan beste tempo eta baldintza batzuk ezartzea erabakitzen duen.

Alde batetik, gakoa izango da Bidenek Israeli eta Palestinari buruz duen jarrera; presidente estatubatuarrak Gazako tentsioak murrizteko eskatu badio ere bere homologo israeldarrari, liskarrak lehenbailehen eteteko eta eskualdean su-etena eskatzeko NBEren adierazpen bat blokeatu ostean egin dio eskaera hori.

Israelek Gazan egindako operazioak, gainera, ezinegona sortu du Marokon bertan, eta Gobernuak, berariaz baimendu gabe, Palestinari elkartasuna adierazteko berrogeita hamar elkarretaratze baino gehiago egitea onartu zuen joan den asteburuan; Israelekiko harremanen normalizazioaren amaiera eskatu zen manifestazio horietan, besteak beste.

Mohamed VI errege marokoarrak ez du adierazpenik egin indarkeriaren gorakadari buruz (are gutxiago normalizazioari buruz), baina iragan ostiralean Palestinako herriari 40 tona laguntza humanitario emateko agindua eman zuen.

Saharako agertoki posibleak

Bestalde, Bidenek erabaki egin behar du zein jarrera hartu Maroko eta Sahararen arteko gatazkaren aurrean. Adituek hiru agertoki posible ikusten dituzte.

Lehenengo aukera da atzera egitea eta Trumpen akordioen aurreko statu quo-ra itzultzea, hau da, ez onartzea Marokori ez onartzea 1975etik Mendebaldeko Saharako kolonia espainiar zaharrean okupatzen dituen lurraldeen gaineko subiranotasuna; NBEk autodeterminazio prozesuan dagoen lurralde ez-autonomotzat jotzen du Sahara.

Beste aukera bat litzateke Marokoko subiranotasunaren aitorpenari eustea, baina gatazka konpontzeko aurrerapen diplomatikoak eskatzea trukean.

Hirugarren egoera Trumpen akordioa mantentzea litzateke, baina erabaki hori gauzatzeko erabakirik ez hartzea. Adibidez, Bidenek uko egin liezaioke Mendebaldeko Saharan Estatu Batuetako kontsulatu bat irekitzeari, bere aurrekoak iragarri bezala.

Gatazka independenteak izatetik urrun, funtsean, bi gatazkak lotuta daude, baita haien balizko bilakaera ere. Etxe Zuriaren ekarpenari edo eraginari dagokionez, argi dago Bidenek batarentzat erabakitzen duenak bestean eragina izango duela, eta alderantziz. Oraingoz, Etxe Zuriak ez du jarrerarik argitu nahi, baina adituek argi dute ezingo diola isiltasunari luzaroan eutsi.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako albisteak Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Mendebaldeko Sahara Maroko Ekialde Hurbileko albisteak