Mundua -
Su-etena Ekialde Hurbilean
Israelgo Poliziak palestinarren aurka egin du Jerusalemeko Meskiten zabalgunean
15 palestinar zauritu dituzte istiluetan. Israelgo segurtasun indarrak Meskiten zabalgunean sartu dira Palestinako fededunak su-etena ospatzen ari zirenean.
EiTB Media | Agentziak
Israelek eta Gazako Zerrendako miliziek adostutako su-etena indarrean sartu eta handik gutxira, Israelgo Poliziak fededun palestinarren kontra egin du Meskiten zabalgunean, Jerusalemgo Hiri Zaharrean. Duela bi aste liskarrak izan ziren bertan, eta, ondoren, gatazka areagotu zen.
Wafa Palestinako albiste-agentziak jakitera eman duenez, 15 palestinar zauritu dituzte istiluetan. Israelgo segurtasun indarrak Meskiten zabalgunean sartu dira Palestinako fededunak su-etena ospatzen ari zirenean.
Zaurituetako batzuk inguruko ospitaleetara eraman behar izan dituzte. Poliziak jaurtitako gomazko balek jo edo negar eragiteko gasek ito dituzte.
Israelgo Poliziaren arabera, ordea, ospakizunak "istiluak" izan dira. Segurtasun indarren aurka harriak eta molotov koktelak jaurti dituzte. Horregatik, palestinarrak "sakabanatu" egin dituzte.
Gainera, Poliziako bozeramaile batek zehaztu duenez, zabalgunean segurtasun neurriak areagotu dituzte. Al Aqsako meskitan (islamaren hirugarren leku sakratuena) ez direla sartu nabarmendu du poliziak.
Nahiz eta gaurko istiluak larriak ez izan, duela bi aste toki berean izandakoekin alderatuz gero –ehunka pertsona zauritu zituzten orduan-, palestinarrentzako leku oso sinbolikoa da, Ekialdeko Jerusalem okupatuan, Gazan zein Zisjordanian. Ondorioz, indarkeria areagotzeko arriskua ezin da baztertu.