Itxi

2021/11/02

11:19

Mundua

cop26

Latinoamerikak estrategia bateraturik gabe jo du Klimaren Goi Bilerara

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Kolonbiak, Panamak, Costa Ricak, Dominikar Errepublikak eta Surinamek dituzte konpromiso handienak, Naturarentzako Mundu Funtsaren txosten baten arabera.

  • Zabortegi bat Brasilgo Ceara herrian

    Zabortegi bat Brasilgo Ceara herrian. Argazkia: Pixabay.com

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Latinoamerikak karbono-isurketa globalen % 8,3 sortzen du, eta eskualde ahulenetako bat da krisi klimatikoaren aurrean (Karibeko uharteak suntsitzen dituzten urakanak eta lehorteak gero eta gogorragoak dira), baina estrategia bateraturik gabe eta konpromiso asimetrikoekin aurre egiten dio Glasgowko (Erresuma Batua) COP26 klimaren goi-bileran duen zereginari.

Beharbada, egingo duten erreklamazio bateratu bakarra, beste behin ere, herrialde aberatsek klima-aldaketaren aurkako borroka zuzenean finantzatzea eta Parisko Akordioan ekarpen gutxiago egitea onartu zuten herrialdeei urteko 100.000 milioi dolar ordaintzea da.

Brasil eta Mexiko, inguruko horretan gas kutsagarri gehien igortzen dituzten estatuak, eskualdeko protagonistak izango dira. Konferentzia erabakigarria izango da igoera termiko global geldiezina iraultzeko eta 2100. urterako igoera hori 1,5 graduan eusten saiatzeko, zientzialariek gomendatzen duten bezala.

Hala ere, Maisa Rojas txiletarrak (Klima Aldaketari buruzko Adituen Gobernu Arteko Taldearen azken txostenaren egileetako bat) adierazi duenez, "Latinoamerikako gobernuek gauza oso desberdinak nahi dituzte, eta historikoki ez dago jarrera bateraturik".

COP26 honetan, "Latinoamerikako herrialde guztiek ez dituzte erregistratu Maila Nazionalerako Ekarpen Zehatzak (NDC, ingelesez) eta Brasilek eta Mexikok ez dituzte beren konpromisoak hobetu 2015eko Parisko Akordioaz geroztik", deitoratu du Rojasek.

Naturarako Mundu Funtsaren (WWF) txosten baten arabera, Kolonbiak, Panamak, Costa Ricak, Dominikar Errepublikak eta Surinamek dituzte konpromiso handienak. Jarraibide horiek ezinbestekoak dira krisi klimatikoaren aurkako ibilbide gisa eta herrialde bakoitzak zer egiten duen fiskalizatzeko.

Kolonbiak (munduko bigarren herrialde bioanitzena), adibidez, 2030erako berotegi-efektuko isurketak % 51 murriztea sustatzen du, urte horretan baso-soiltzea % 0 izatea, eta 2050erako karboneutraltasuna (hau da, sortzen dituen karbono-isurien eta atmosferatik harrapatzen dituenen arteko oreka) lortzea.

Karbonoaren Munduko Atlasa

Mexiko eta Brasil dira Parisko Akordioaz geroztik beren konpromisoak zabaldu ez dituzten eskualdeko herrialde bakarrak, eta, hain zuzen ere, Latinoamerika eta Karibe osoan karbono dioxido (CO2) gehien isurtzen dutenak dira, Karbonoaren Munduko Atlasaren arabera.

Aditu gehienen aburuz, helburu klimatikoa lortzeko, bai ala bai, erregai fosiletan oinarritutako energia-eredu konbentzionala aldatu behar da, eta horrek, esate baterako, talka egiten du Mexikoko energia-sektorearen erreforma konstituzionalaren proposamen polemikoarekin, energia eolikoa eta eguzki-energia baztertzen baititu.

Brasil Jair Bolsonaro presidentearen parte-hartzerik gabe iritsiko da Glasgowra, eta Amazonia mantentzeko konpromisoa duen arren, ezin dio uko egin errepideak eraiki eta  meatzaritza bultzatzeari, Hamilton Mourao Brasilgo presidenteordeak aste honetan adierazi duenez.

Tentsio horiek Latinoamerikako beste herrialde batzuetan ere izaten ari dira. Guillermo Lasso Ekuadorko presidentearen esanetan, garapen proiektu erauzkorrak gauzatu daitezke tokiko herritarren onurarako, ingurumena arriskuan jarri gabe. Baina klima-borrokarekin bateragarriak al dira programa horiek? "Ez, ez dira", erantzun du Rojasek. "Norberaren garapenarekin bateragarria izan daitekeela eta beste helburu batzuk ditugula uste izatea arazoa ez ulertzea da", gaineratu du.

Herrialde aberatsek Latinoamerikarekin duten zorra

Joseluis Samaniegok, Latinoamerika eta Kariberako Nazio Batuen Batzorde Ekonomikoko garapen jasangarriaren eta giza kokalekuen dibisioko zuzendariak, EFEri egindako elkarrizketa batean azpimarratu duenez, trantsizio energetikoak eta aldaketa jasangarriak ekonomia suspertzen dute.

Adibidez, energia berriztagarrien alde egiteak "inbertitutako dolar bakoitzeko megawatt bakoitza merkeagoa izatea eta enplegu gehiago sortzea" eragiten duela dio.

Baina proiektu horiek bultzatzeko inbertsioa behar da. Herrialde aberatsenetatik eta jaulkipen gehienen arduradunenetatik iritsi behar da dirua, Parisko Akordioan agindu zuten bezala.

Karibeko Komunitatearentzat (Caricom) "premiazkoa" da "mundu-mailako elkartasuna" bultzatzea, "urtero funts gehigarriak emateko, Karibeari dagoeneko gertatzen ari diren galerei eta kalteei modu proaktiboan erantzuten laguntzeko".

Bolivia urrats bat harago doa, eta "hirugarren herrialdeen aurkako alde bakarreko zigorrak" (Venezuela eta Kubaren kontrakoak, esaterako) kentzeko eskatu du. Herrialde horrek arma lasterketara bideratutako mundu mailako gastuak kritikatzen ditu, ingurumena babestera bideratu beharrean.c

Latinoamerikak "herrialde garatuek beren konpromisoak gauza ditzaten bultzatzeko aukera handia du" bilera honetan, Samaniegoren hitzetan.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;