Itxi

2021/11/03

11:44

Mundua

COP26

Zer da metanoa eta zergatik da garrantzitsua isuriak murriztea?

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Adituen arabera, berotze globalaren laurdena metanoak atmosferan duen eraginaren ondorio da.

  • Zer da metanoa eta zergatik da garrantzitsua isuriak murriztea?

    Zer da metanoa eta zergatik da garrantzitsua isuriak murriztea? Irudia: Pixabay

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Europar Batasunak eta Ameriketako Estatu Batuek datorren hamarkadan metano-isurketak % 30 murrizteko asmo handiko plan bat bultzatu dute astearte honetan Glasgowko goi-bileran. Hala, orain arte negoziazioen bigarren mailan egon den gaia lehen lerrora igaro da.

2050erako tenperatura 0,2 ºC igotzea eta 200.000 heriotza goiztiar, asmak eragindako larrialdiko ehunka mila ospitaleratze eta urtean 20 milioi tona uzta galtzea saihestuko lukeela ziurtatu dute itun horren sustatzaileek.

Emisio kutsagarriak murrizteaz ari garenean, karbono dioxidoaz ari gara ia beti. Berotegi-efektua eragiten duen gas nagusia da, atmosfera berotzearen eragile handienetako bat, baina ez bakarra.

Manfredi Caltagiron, Metano Emisioen Nazioarteko Behatoki berriko (IMEO) jarduneko zuzendariaren hitzetan "CO2ak planeta zenbat berotuko den esaten digu; metanoak beroketa hori zein erritmotan, zenbaterainoko bizkortasunez gertatuko den esaten digu".

Kalkuluen arabera, berotze globalaren laurdena metanoak atmosferan duen inpaktuaren ondorio da, eta gas horren kontzentrazioa, berriz, historiako abiadura handienean areagotzen ari da. Gaur egun, 1750ean baino 2,6 aldiz handiagoa da, eta, adituen arabera, hazkunde iraunkor hori giza jarduerari, erregai fosilei eta abeltzaintzari egotz dakieke batez ere.

Zer da eta nola sortzen da metanoa?

Metanoa edo CH4 materia organikoa deskonposatzen duten bakterio batzuek sortutako gas komun eta koloregabea da. Energiaren Nazioarteko Agentziak (AIE) berriki egindako ikerketa baten arabera, munduko metano isurketen % 40 iturri naturaletatik datoz, hezeguneetatik batez ere. Gainerako % 60 giza jarduerekin lotuta dago: ia % 25 nekazaritzarekin eta abeltzaintzarekin, beste % 21 erregai fosilekin eta ia % 12 hondakinekin.

Adituek uste dute une honetan errazena erregai fosilen sektorean arreta jartzea dela; zehazki, petrolioaren, gasaren eta ikatzaren industrian gertatzen diren metano-ihesak aipatzen dituzte, errazagoak baitira murrizteko. Hain justu, metano-emisioak murrizteko Nazio Batuek eta Europar Batasunak G20aren goi-bileran aurkeztutako MEO behatokiak erregai fosilak ditu xede.

Gainera, Atmosfera Zaintzeko Copernicus Zerbitzuak (CAMS) astearte honetan iragarri duenez, karbono dioxidoaren eta metanoaren isurketa antropogenikoak monitorizatzeko tresna berri bat lantzen ari da. Hala, aurrekaririk gabeko zehaztasun eta xehetasunekin eta ia denbora errealean neurtu ahal izango dira isuriak.

Historikoki karbonoak protagonismo gehiago izan du, metanoarekin aldenduz gero, eta horregatik ikertu da gutxiago. Baina IMEOko jarduneko zuzendariaren ustez, garrantzitsua da jakitea metanoak non, zenbat eta noiz sortzen dituen emisio gehien.

Hain zuzen ere, atmosferara askatzen den metano-kopurua murriztea ez ezik, "metano-isuriak kuantifikatzeko inbentario-metodologia hobeak" garatzea ere bilatzen du COP26an aurkeztutako itun orokorrak.

Oraingoz, ehun bat herrialderen konpromisoa baino ez da, baina Caltagironek uste du dagoeneko martxan jartzea komeni dela, herrialdeek eta konpainiek emisioak modu sinesgarrian murrizteko aukera izan dezaten. "Hau metanoaren erronkaren hasiera besterik ez da, ez amaiera", esan du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;