Mundua -

COP26

Copernicusek CO2 eta metano isurketa antropogenikoak monitorizatu ahal izango ditu ia denbora errealean

Atmosfera Zaintzeko Copernicus Zerbitzuak (CAMs) espero du giza jardueraren ondoriozko CO2 eta CH4 isuriak kalkulatu eta neurtu ahal izatea 2026an, "aurrekaririk gabeko zehaztasunez eta ia denbora errealean".

COP26 goi bileraren egoitza Glasgowen. Argazkia: Karwai Tang | Flickr
COP26 goi bileraren egoitza Glasgowen.
COP26 goi bileraren egoitza Glasgowen. Argazkia: Karwai Tang | Flickr

O.P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atmosfera Zaintzeko Copernicus Zerbitzuak (CAMS) astearte honetan iragarri duenez, karbono dioxidoaren (CO2) eta metanoaren (CH4) isurketa antropogenikoak monitorizatzeko tresna berri bat lantzen ari da. Hala iragarri du Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen XXVI. Konferentzian (COP26), Glasgowen (Erresuma Batua).

Aurkezpenean, Copernicuseko ordezkariek adierazi dute zientzialariek CO2 eta CH4 emisioak neurtu ahal izango dituztela, "aurrekaririk gabeko zehaztasun eta xehetasunekin eta ia denbora errealean". 

Sateliteek atmosferako CO2 kontzentrazioen aldaketak neurtzen dituzten arren, neurketa hauek karbonoaren ziklo naturalaren aldaketekin lotuta daude nagusiki, baso-suteek edo fotosintesiak sortutakoak kasu. 

Oraindik ez da posible izan iturri antropogenikoen emisioak modu isolatuan kalkulatzea, hau da, giza jardueren ondorioz isuritako gasak. CO2MVS zerbitzu berriak "aldaketa iraultzailea" ekarriko du klima-aldaketaren aurkako borrokan; izan ere, planeta osoa espaziotik egun gutxi batzuetan monitorizatzea ahalbidetuko du, baita karbono dioxidoaren eta metanoaren iturri isolatuak aurkitzea ere, hala nola zentral elektrikoak eta erregai fosilen ekoizpen plantak. Eskualde-mailako datu zehatzak ere eman ahal izango ditu, eta hala, tokian tokiko murrizketa-helburuetara begira aztertu isurketak.

Proiektua ez da Copernicusena soilik; izan ere, Europako Batzordearen ordezkari gisa parte hartzen duen Epe Ertainerako Aurreikuspen Meteorologikoen Europako Zentroaren (CEPMPM) bidez ezartzen da, eta Europar Batasunak finantzatzen du. Gainera, beste erakunde eta aditu batzuekin lankidetzan dihardu, hala nola Europako Espazio Agentziarekin (AEE) eta Satelite Meteorologikoak Ustiatzeko Europako Erakundearekin (EUMETSAT).

Copernicusek aurreikusi du CO2MVS "2026an erabat operatibo" egongo dela. Hala izatekotan, ekimena garaiz iritsiko da Pariseko Akordioan parte hartzen duten herrialdeen berotegi-efektuko gasen emisioen munduko bigarren inbentarioan parte hartzeko, 2028an amaituko dena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena Larrialdi klimatikoa NBEren klimari buruzko goi-bilera Euskadiko kutsadura