Itxi

2022/01/05

12:12

Mundua

Israel

Israelek preso palestinar bat askatuko du 141 eguneko gose-grebaren ostean

Agentziak | EITB Media

Hisham Abu Hawash preso palestinarrak 2020ko urritik darama Israelek inposatutako atxiloketa administratiboan. 141 eguneko gose-greba ostean, Israelek ez du gehiago luzatuko bere atxiloketa; otsailaren 26an askatuko dute.

  • Hainbat pertsona protestan, Abu Hawash eta beste preso palestinarren askatasuna eskatzeko.

    Pertsonak protestan, Abu Hawash eta beste preso palestinarren askatasuna eskatzeko. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Hisham Abu Hawash preso palestinarrak atzo utzi zuen bertan behera duela 141 egun hasi zuen gose-greba, Israelek inposatutako atxiloketa administratiboa salatzeko. Joan den abenduan egoera kritikoan sartu zen. Ospitale batera eraman zuten, preso jarraitu arren. Azkenean, Israelek erabaki du Abu Hawash aske uztea otsailaren 26an.

Halako atxiloketen politikak, nazioarteko gizarteak zabal gaitzesten duena, palestinarrak atxilotzea ahalbidetzen du, kargurik edo epaiketarik gabe. Hiru eta sei hilabete arteko epean berritu daitezke, presoen abokatuek ere aztertu ezin dituzten probak aurkeztuta.

Abu Hawash 2020ko urriaren 27an atxilotu zuten, eta atxilotzeko hiru agindu jaso zituen, sei hilabetekoa bakoitza. Azkenean, Jawad Boulosek, preso palestinarraren abokatuak, adierazi du Israelek ez duela atxiloketa otsailaz haratago luzatuko.

Preso batzuen askatasuna

Atxilotu palestinarrek gose-grebak egitera jo ohi dute atxiloketa administratiboaren politikaren aurka egiteko. Atxiloketa mota hau ez dator bat Nazioarteko Zuzenbidearekin. 2021eko hasieratik, 60 presok egin dute gose-greba, eta Israelek aske uztea lortu dute hainbatek.

Kayed al Fasfus preso palestinarra abenduaren 4an utzi zuten aske, 131 eguneko gose-greba egin ostean. Halaber, Loai al Ashqarek ere amaitutzat jo zuen gose-greba hasi eta 49 egunera, Israelgo agintariekin askatasuna hitzartu ostean. 113 egun preso eman ostean, Miqdad Qawasmeh presoak ere gose-greba amaitu zuen azaroan, otsailean askatuko dutela jakin ostean.

Gaur egun, Israelek 500 palestinar ditu atxiloketa administratiboan. Guztira, 4.600 palestinar ditu preso Israelek.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;