Mundua -
Ukrainako gerra
Errusiak Azovstal altzairutegiaren aurkako erasoak areagotu dituela salatu du Ukrainak
NBEk lehentasun nagusi bihurtu ditu gerrak gehien zigortutako eremuetako zibilak ebakuatzeko operazioak, batez ere Mariupol hirikoak. Era berean, gatazka armatuaren ondorioz herrialdean bizi diren izugarrikeriak salatzen jarraitzen du.
EITB MEDIA
Azken orduetan, Errusiako tropek areagotu egin dituzte Mariupol hiri setiatuan dagoen Azovstal altzairutegiaren aurkako erasoak, eta aurrera egin dute Donetsk eta Luhansk eskualdeak kontrolatzeko helburuan, Ukrinform albiste agentziak argitaratutako Ukrainako Armadaren Goi Agintearen azken txostenaren arabera.
Errusiako Gobernuak, bere aldetik, esan du bere indar militarrek Vladimir Putin presidenteak altzairutegiari erosik ez egiteko emandako agindua betetzen jarraitzen dutela; halere, onartu du lantegia blokeatuta dutela oraindik. Hala, aditzera eman nahi izan du inguruko ebakuazioak errazteko agindutako hiru eguneko su-etenari eusten diola.
Azovstal mendean hartzeko erasoa bertan behera uzteko agindu zuen Putinek apirilaren 21ean, bajak saihesteko. Halere, 11 kilometro koadroko industrialdea blokeatzeko eskatu zuen, "inor ere atera ez dadin". Bien bitartean, Errusiak Mariupol kontrolatzten jarraitzen du.
"Garaipena" irudikatu nahian
Ukrainako Gobernuaren arabera, maiatzaren 9an, Alemania naziaren gaineko Garaipen Eguna ospatu nahi du Errusiak Mariupolen. Horretarako, "bertako biztanleak okupazio-tropei harrera nola egiten dieten irudikatu nahi dute Errusiako telebistan". Bestalde, Viktor Orban Hungariako lehen ministroak Frantzisko aita santuari esan dionez, Putinek egun horretan amaitu nahiko luke inbasioa, hiria erabat hartu ondoren.
Bitartean, Azovstal altzairutegia Ukrainako erresistentziaren azken gotorlekua da Mariupol hiri estrategikoan. Han daude oraindik ehunka zibil, haurrak barne, otsailaren 24an Errusiaren inbasioa hasi zenetik gotortuta, nahiz eta batzuk dagoeneko atera ahal izan diren NBEk eta Gurutze Gorriak babestutako ebakuazio-operazio bati esker.
Ebakuazio humanitarioak
Nazio Batuen Erakundeak (NBE) lehentasun nagusi bihurtu ditu gerrak gehien zigortutako eremuetako zibilak ebakuatzeko operazioak, batez ere Mariupol hirikoak, gatazka armatuaren ondorioz herrialdean bizi diren izugarrikeriak salatzen jarraitzen duen bitartean.
Erakundearen esanetan, ostegun honetan beste misio bat jarri du martxan Mariupolen eta Azovstal altzairutegian izandako borroketan harrapatutako jendea ateratzeko. Operazioa Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearekin (CICR) batera egiten ari da, aste honetan egin diren beste bi operazioekin batera. Horiei esker, ia 500 pertsona ebakuatu dituzte jada, eta horietatik 100 inguru gutxienez lantegian zeuden.
Gatazka hasi zenetik, NBEk bere burua mugatuta ikusi du Ukrainan, Errusiak betoa jartzeko aukera izateak Segurtasun Kontseiluko edozein ekintza blokeatzen duelako eta Moskuko gobernuak ez duelako NBEko idazkari nagusi Antonio Guterres inpartzial gisa ikusten; ondorioz, ez du bakea negoziatzeko bitartekari gisa onartu.
Hala, bere zeregina alderdi humanitarioan oinarritzearen aldeko apustua egin du erakundeak, ahal duen neurrian laguntza-hornidura eta zibilen ebakuazioak koordinatuz.