Mundua -
Ukrainako gerra
Errusiako erregai fosilekiko menpekotasuna murriztea 195.000 milioi kostatuko da, Bruselaren arabera
"Repower EU" egitasmoaren zirriborroa prestatu du Europako Batzordeak. Txostenean, Errusiako gasa ordezkatzeko aukerak aztertu ditu, eta besteak beste, eguzki energia eta geotermia aipatu ditu.
Agentziak | EITB Media
Europako Batzordeak uste du 195.000 milioi euroko aparteko inbertsioa egin beharko duela bost urtean Errusiako erregai fosilekiko menpekotasuna murrizteko, eta gako gisa aipatu ditu energia berriztagarriak zabaltzea, eraginkortasun energetikoa hobetzea eta hidrogeno berdea garatzea.
Errusiako gasa ordezkatzeko aukerak aztertu Batzordeak "Repower EU" egitasmoan, eta datorren astean aurkeztuko badu ere, Contexte agerkari frantziarrak neurri nagusiak aurreratu ditu gaur. "Ereduak Errusiatik egiten diren erregai fosilen inportazio guztiak aztertu ditu, eta ezabatzen zailena gas naturala dela ondorioztatu du", azaldu dute zirriborroan.
Batzordearen iritzian, Errusiako erregai fosilak kontsumitzeari uzteko energia berriztagarriak "modu masiboan" zabaldu beharko dira, baina baita gas natural likidotuaren inportazioak gehitzea, hidrogeno berdearen industria garatzea eta garraioak, industriak eta eraikinek egiten duten hidrokarburo kontsumoa jaistea ere.
Eguzki energia, "arinena"
"Repower EU" egitasmoaren arabera, ezinbestekoa da gaitasun industriala handitzea eta energia berriztagarriak bultzatzea. Eguzki energiari dagokionez, dio "zabaltzeko arinena den teknologia" dela, eta hala, EBn instalatuta dagoen eguzki energiaren gaitasuna bikoizteko eskatu die estatuei: 2028rako, 300 gigawatteraino. Halaber, bizitegi-guneetan, eraikin publikoetan edota industriaguneetan eguzki panelak "modu deszentralizatuan" jartzeko dei egiten die.
Era berean, bero ponpak "eskala handian" zabaltzeko beharra azpimarratu du, baita geotermia bultzatzekoa ere. Izan ere, uste du populazio handiko hiriguneetan bero ponpak jarrita, erregai fosilak ordezkatzeko bideetako bat dela.
Haize energia hizpide, haize sorgailuak "zabal" jartzeko deia egin du.
Azkenik, egungo sare elektrikoa ere hobetu behar dela uste du Batzordeak, eta 29.000 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du horretarako.