Mundua -
PALESTINA
Xireen Abu Akleh kazetariaren hiletan poliziak erabilitako bortizkeria ikertuko duela esan du Israelek
Israelgo Indar Armatuek hainbat karga egin zituzten eta zorabioa eragiten duten granadak erabili zituzten bandera palestinarrak kentzeko. Sei palestinar atxilotu zituzten eta Ilargi Gorriak jakitera eman duenez, dozenaka zauritu artatu behar izan zituzten.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Omer Bar Lev Israelgo Segurtasun Publikorako ministroak ikerketa irekitzea agindu du Xireen Abu Akleh kazetari palestinarraren hiletan poliziak izandako jarrera argitzeko. Abu Akleh tiroz hil zuten Cisjordanian, manifestari palestinarren eta Israelgo indarren arteko istiluak bertatik bertara jarraitzen ari zela.
"Israelgo Poliziak hiletan gertatutakoa ikertuko du. Israelgo Poliziak bere agenteak babesten ditu baina ikasten eta hobetzen saiatzen den erakunde profesional gisa, gertatuari buruzko ondorioak ere aterako ditu" adierazi du Poliziak The Times of Israel egunkariak jaso duenez.
Atzo, ostirala, gertatu ziren istiluak. Israelgo Indar Armatuek hainbat karga egin zituzten eta zorabioa eragiten duten granadak erabili zituzten herritarrei bandera palestinarrak kentzeko. Bandera hori debekatuta dago Israelen. Palestinarren ikurra kentzeko ahaleginetan, hainbat lagun zauritu zituzten eta hilkutxa erortzear egon zen.
Sei palestinar atxilotu zituzten hiletan. "Hileta saboteatu nahi zuten ehundaka pertsonak hilkutxa lapurtu eta onartuta ez zegoen bide batetik eraman nahi" izan zutelako oldartu behar izan zutela esan zuen atzo Israelgo Poliziak baina irudiek oihartzun handia izan dute nazioartean eta kritika gogorrak eragin dituzte, Nazio Batuetan, AEBn eta Europar Batasunean, batez ere.
Israelek bere Armadaren tiro batek hil ahal izan zuela kazetaria onartu du, baina gaineratu du ezin dela ondoriorik atera kazetaria hil zuen bala izan gabe, eta bala hori Palestinako Fiskaltzaren esku dago.
Palestinako Agitaritzak gaur iragarri duenez, baliteke nazioarteko erakundeek "parte hartzea" ikerketan, baina argi utzi dute Israel ez dela horietako bat izango.