Mundua -

Ukrainako gerra

Errusiak adierazi du Ukrainan dituen helburuak beteko dituela Kievek nazioarteko laguntzak jaso arren

Errusiako agintariek diote "Ukrainako erregimen neonaziak egiten duen genozidiotik jendea defendatzeko, Ukrainako lurraldea desmilitarizatzeko, naziz husteko eta bere estatus neutrala lortzeko" planei eutsiko dietela. Khersoneko administrazioak iragarri du gobernu independentea eratzen ari dela.

Gizon bat, balkoian bandera errusiarra jartzen, Luhansken. EFE
Gizon bat, balkoian bandera errusiarra jartzen, Luhansken. EFE
Gizon bat, balkoian bandera errusiarra jartzen, Luhansken. EFE

O. P. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Luhanskeko Herri Errepublika erabat kontrolatu ondoren, Errusiako armadak Donetskeko Herri Errepublika kontrolatzea du helburu. Vladimir Putin Errusiako presidenteak bere militarrak eta milizia errusiazaleak zoriondu ditu Luhansken lortutako garaipenagatik, eta beste fronteetan ere aurrerapen berberak eskatu dizkie tropei; mendebaldeko eta ekialdeko tropei "ezarritako planen arabera euren zereginak betetzea" eskatu die.

Ildo beretik, Nikolai Patrushev Errusiako Segurtasun Kontseiluko idazkariak adierazi du Ukrainako "operazio militar bereziaren" helburuak bete egingo direla, Kieveko Gobernuari eskaintzen zaion laguntza militarra handitu arren.

Errusiak alboko herrialdean dituen helburuak "Ukrainako erregimen neonaziak egiten duen genozidiotik jendea defendatzea, Ukrainaren lurraldea desmilitarizatzea, naziz hustutzea eta Ukrainaren estatus neutrala lortzea" dela azpimarratu du.

Bere hitzaldian, Patrushevek AEBren aurka egin du, eta "Errusiaren ahultzearen eta zapalkuntzaren alde egitea" leporatu dio, "Errusia menperatzeko eta joan den mendearen amaieran lortu zuen nagusitasun politiko-militarrari eusteko".

Giulislav Volodin Errusiako Parlamentuko bozeramaileak ere ziurtatu du operazioak aurrera jarraituko duela, Ukraina "dena" egiten ari delako Moskuko tropak ez daitezen gelditu Luhansk eta Donetsk mugetan, RIA Novostiagency agentziak berri eman duenez. 

Gobernu berria Khersonen

Ukrainako herrialdearen hegoaldean dagoen Kherson eskualdeko Administrazioak gobernu berri bat eratuko duela iragarri du, bertako biztanleez eta Errusiako espezialistaz eta profesionalez osatua.

"Funtsean, agintaritza berria eta desberdina eratzen ari gara: Kherson eskualde independente eta ez ukrainar bateko lehen gobernua. Ez da aldi baterakoa, ezta militarra ere, ez da bitarteko administrazio bat, agintaritza sendo eta benetakoa da", ziurtatu du Vladimir Saldo Administrazioko buruak, eta jakinarazi du Khersongo Gobernuko hurrengo burua Sergei Eliseev izango dela, Donbaseko gerra hasi eta Moskuk Krimea atxiki ondoren, 2014an, Errusiaren alde desertatu zuen militar ukrainarra.

Krimeako penintsularekin muga egiten duen Kherson eskualdea -'de facto' Errusiak kudeatzen duena- erabat hartu dute Errusiako tropek, Vladimir Putin Errusiako presidentearen aginduz otsailaren 24an hasitako gerraren barruan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Ameriketako Estatu Batuak Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra