Mundua -

Gerra Ukrainan

Errusia zibilak ari da ateratzen Khersonetik, eta NATOk droneen aurkako tresnak emango dizkio Ukrainari

Bitartean, NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek nabarmendu du Errusiak Ukrainak arma nuklearrak erabiltzeak "gatazkaren izaera" aldatuko lukeela, eta "ondorio larriak" izango lituzkeela; hori bai, ez du zehaztu zeintzuk izango liratekeen ondorio horiek.

Eraikin bat, eraso baten ostean, Ukrainako hegoaldean. Argazkia: EFE.
Eraikin bat, eraso baten ostean, Ukrainako hegoaldean. Argazkia: EFE.
Errusiaren kontrolpean dagoen zentralaren segurtasuna babesteko neurriak hartuko dira

1:15

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainar tropek herrialdeko hegoaldean egindako aurreratzearen ondorioz, Errusiaren aldeko agintariek erabaki dute Kherson anexionatutako eskualdetik zibilak ateratzea. Bitartean, Errusiak misilak eta tripulatu gabeko gailuak baliatuz jarraitu du erasoak gauzatzen hainbat probintziatan; hori dela eta, NATOk Kievi hitzeman dio droneen aurkako "ehunka" inhibitzaile emango dizkiola. NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek, halaber, nabarmendu du Errusiak arma nuklearrak erabiltzeak "gatazkaren izaera" aldatuko lukeela, eta horrek "ondorio larriak" izango lituzkeela; hori bai, Stoltenbergek ez du zehaztu zeintzuk izango liratekeen ondorio horiek.

Testuinguru horretan, Khersonen, "egunero, eskualdeko hiriek misilez egindako erasoak pairatzen dituzte, eta kalte handiak daude; lehenik eta behin, herritarrentzako kalte larriak", adierazi du Vladimir Saldo Errusiaren aldeko bitarteko gobernadoreak. Saldok azaldu duenez, "familiek Errusiako beste eskualde batzuetara joateko aukera" antolatzea erabaki du.

Moskuko agintariei laguntza eskatu die "lan hori prestatzeko". Marat Jusnulin Errusiako lehen ministrordeak, jarraian, doako etxebizitzak hitzeman dizkie ebakuatuei.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, bere aldetik, esan du, Europako Kontseiluko Parlamentuko Batzarraren aurrean (erakunde horrek ebazpena adostu du, Errusia Estatu terroristatzat jotzeko), Ukrainak aire defentsako beharren % 10 soilik dituela Beteta. NATOk erantzuna eman du, eta hitzeman dio Ukrainari "ehunka" inhibitzaile emango dizkiola drone irandarrak eta errusiarrak indargabetzeko. Hala esan du Jens Stoltenberg idazkari nagusiak; haren esanetan, Estatu espainiarrak lau HAWK misil anezka emango dizkio Ukrainari.

Shaded 136 edo Geran 2 droneak, Errusiaren arma preziatuena eta eraginkorrenetakoa
Shaded 136 edo Geran 2 droneak, Errusiaren arma preziatuena eta eraginkorrenetakoa
Shaded 136 edo Geran 2 droneak, Errusiaren arma preziatuena eta eraginkorrenetakoa

01:12

"Ondorio larriak", arma nuklearrak erabiliz gero

Stoltenbergek, baina, ez du zehaztu zein izango litzatekeen NATOren erantzuna balizko errusiar eraso nuklear baten harira; hori bai, nabarmendu egin du Ukrainan arma nuklearrak baliatzeak "gatazkaren izaera aldatuko" lukeela, eta "ondorio larriak" ekarriko lituzkeela.

"Errusiak jakin badaki hori, zenbait modutan esan zaio. Ez dugu esango zehazki nola erantzungo dugun, baina, funtsean, gatazkaren izaera aldatuko litzateke", ohartarazi du NATOko buru politikoak, aliatuen Defentsa ministroen bilera amaituta, prentsaurrekoan. "Mehatxu horiek benetakotzat hartzen ditugu. Adi jarraituko dugu, eta ez diogu utziko inori gu beldurtzen".

Stoltenbergek azaldu duenez, NATOk une oso zehatzetan erabiltzen ditu arma nuklearrak: "NATOren arma nuklearren helburua da bakea aldeztea, eta aliatuen aurkako erasorik eta ekintzarik ez egotea. NATOk arma nuklearrak erabiliko lituzkeen aukerak erabat txikiak dira", argudiatu du. Ildo horretatik, NATOko hamalau herrialde europarretako Defentsa ministroek, Finlandiakoaz gain, gutuna hitzartu dute, "Europako Zeruko Babeseko Ekimena" izenburupean. Alemania du buru egitasmoak, eta helburua da Europa babestea misilez egindako erasoen aurka.

NATOko aliatu hauek sinatu dute: Alemaniak, Belgikak, Bulgariak, Txekiak, Eslovakiak, Esloveniak, Estoniak, Hungariak, Letoniak, Lituaniak, Norvegiak, Herbehereek, Erresuma Batuak eta Errumaniak. Finlandia oraindik ez dago NATOn, kide izateko bidean baita, eta bat egin du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo munduko albisteak Ukraina albisteak Errusia albisteak Vladímir Putin Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Errusia-Ukraina gerra gaur Zelenski albisteak