Mundua -

ISRAEL-HAMAS GERRA

Hamasek hildakoak eta bahitutakoak 36 herrialdetakoak direla baieztatu du Israelek

Bestalde, Hamasek bahitutako 97 pertsonaren familiekin haremanetan jarri da Israel. Larunbatetik, dagoeneko 1.300 pertsona hil dituzte Israelen, eta 1.537 Gazan.

Isaac Herzog Israelgo presidentea. Argazkia: EFE
Isaac Herzog Israelgo presidentea
Isaac Herzog Israelgo presidentea. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larunbatean Hamasen eta Israelen arteko gerra hasi zenetik, 1.300 pertsona hil, 3.300 zauritu eta 150 baino gehiago bahitu dituzte Israelen, Isaac Herzog presidenteak jakinarazi duenez. Horien artean, 36 nazionalitateko pertsonak daudela gaineratu du.

Hauek dira 36 herrialdeak: Australia, Austria, Azerbaijan, Argentina, Bielorrusia, Brasil, Txina, Txile, Kanada, Danimarka, Eritrea, Estonia, Frantzia, Alemania, Hungaria, Italia, Irlanda, India, Kazakhstan, Mexiko, Portugal, Polonia, Filipinak, Panama, Errumania, Errusia, Hego Afrika, Espainia, Sri Lanka, Sudan, Thailandia, Turkia, Uzbekistan, Ukraina, Ameriketako Estatu Batuak eta Erresuma Batua. Ez dute argitu Espainiako Estatuan dagoen Maya Villaloboren heriotzagatik, Ivan Illarramendi Saizar bilbotarraren desagerpenagatik edo biengatik.

Herzogek Gaza osoa egin du Hamasek larunbatean egindako erasoaren erantzule, eta enklabearen aurka egindako bonbardaketa gogorrak justifikatu ditu. Horren esanetan, ez da egia Gazako zibilek ezer ez zekitenik. Gainera, Holokaustoaz geroztik egun bakar batean judu gehien hil dituen ekintza izan dela nabarmendu du. Azkenik, Israelen erasoa "luzea" eta "gogorra" izango dela iragarri du.

Bestalde, Hamasek bahitutako 97 pertsonaren nortasuna jakinarazi die Israelek horien familiei, Daniel Hagari Armadako bozeramaileak ostegun honetan baieztatu duenez.

Hamasek eta Jihad Islamiarrak esan dute 130 bahitu inguru dituztela, baina Israelek 150 baino gehiago direla dio.

Israelgo Armadaren bozeramaileak gaineratu duenez, larunbatetik hildako 222 soldaduren familiak jakinaren gainean jarri dituzte. Hala ere, Israelen hildako 1.300 pertsona horien artean soldadu gehiago egon daitezkeela uste dute.

Gazan, bien bitartean, Israelek 1.537 pertsona hil ditu bertako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera. Gainera, 6.612 zauritu daude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Bahiketak albisteak Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Ekialde Hurbileko albisteak Hamas gaur