Mundua -

ISRAEL-HAMAS

NBEko ordezkariei bisa ukatzea erabaki du Israelek, Guterresen atzoko adierazpenengatik

"Hamasen erasoak ez dira hutsetik sortu. Palestinako herriak azken 56 urteotan okupazio itogarria pairatu du", esan zuen atzo NBEko idazkari nagusiak.

Israelgo Armada, Gazako Zerrendaren eta Israelen arteko mugan. Argazkia: EFE
Israelgo Armada, Gazako Zerrendaren eta Israelen arteko mugan.
Israelgo Armada, Gazako Zerrendaren eta Israelen arteko mugan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazio Batuen Erakundeko (NBE) ordezkariei bisa ukatzea erabaki du Israelek, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak atzo egindako adierazpenak direla eta. Azken horrek esan zuen, Hamasek urriaren 7an egindako erasoa ez zela "hutsetik sortu", "Palestinako herriaren 56 urtetako okupazioa" gogora ekarrita.

Guilad Erdan NBEko enbaxadore israeldarrak jakinarazi du neurria gaur goizean Israelgo Armadaren irrati-kateari eskaini dion elkarrizketan. Esan duenez, hasi dira jada neurria ezartzen, eta bisa ukatu dioten aurrena Martin Griffiths NBEko Gai Humanitarioetarako idazkariorde orokorra izan da. "Lezio bat emateko ordua iritsi da", zehaztu du.

Guterresek NBEko Segurtasun Batzordearen bileran egin zituen atzo adierazpenok, eta berehala iritsi zitzaizkion kritikak. Besteak beste, Dani Dayan Jerusalemgo Yad Vashem Holokaustoaren museoaren presidenteak gaitzetsi egin zuen Guterresek esandakoa.

"Hamasek urriaren 7an juduen kontra egindako sarraskia ekintza genozida bat izan zen", esan zuen Dayanek. Horren hitzetan, halaber, Hamasen ekintza terroristaren ondoren, "munduko mandatarien, intelektualen eta pertsona eraginkorren zintzotasuna agerian geratuko da eta Guterresek ez du proba gainditu".

Bere aldetik, Guterres "harrituta" agertu da bere hitzak "desitxuratu" egin dituztelako "zenbaitek". Berriro gaitzetsi ditu Hamasek ekintzak, eta askok hala eskatu arren, ez ditu zuzendu atzoko adierazpenak.

Agerraldi labur bat egin du NBEren Segurtasun Batzordearen bilerara sartu aurretik, eta adierazi du "Hamasen aurrekaririk gabeko sarraskiak irmo gaitzesten" dituela, eta ez dituela haren ekintzak "inondik ere justifikatzen".

Bien bitartean, Israelen bonbardaketek ez dute etenik. NBEk beste behin "eten humanitarioa" eskatu arren laguntza sartzen uzteko, gaur goizaldean gutxienez 80 pertsona hil dituzte Gazako Zerrendan.

Israel eta Hamas artean gerra lehertu zenetik, 5.791 palestinar hil dira Israelgo Armadak jaurtitako bonben ondorioz. Hamasek urriaren 7an egindako erasoak, berriz, 1.400 hildako inguru utzi zituen Israelen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea NBE argazkiak Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Ekialde Hurbila