Mundua -

NBE

Guterres UNRWAko emaile nagusiekin bilduko da gaur finantziazioa eteteko erabakiak direla eta

20 bat herrialdek bertan behera utzi dute funtsen laguntza, Israelek egindako salaketen ondorioz, nahiz eta ez duen frogarik aurkeztu. Hamasek salatu du herrialde horiek palestinarren aurkako "gerra genozida batean murgilduta" daudela. Polemik horrek "arreta galtzeko" balio duela uste du MOEk.

Palestinarrak UNRWAren laguntzarekin, Gazan. Argazkia: EFE
Palestinarrak UNRWAren laguntzarekin, Gazan. Argazkia: EFE
Palestinarrak UNRWAren laguntzarekin, Gazan. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusia Nazio Batuen Erakundeko errefuxiatu palestinarrentzako agentziaren (UNRWA) emaile nagusiekin bilduko da gaur New Yorken, Israelek langile batzuei ustez Hamasek urriaren 6an egindako erasoan parte hartzeagatik egindako salaketen ondorioz finantziazioa eten egin dutelako horietako batzuek.

"Beharrezkoa da NBEk egiten duen lan humanitario garrantzitsua babestea, ez bakarrik Gazan, baita eskualde osoan ere. Pertsonen bizitza jokoan da", azpimarratu du Stephane Dujarric Guterresen bozeramaileak prentsaurreko batean.

Ildo horretan, UNRWAk akusazioak hamabi langile (horietako bat hil egin dute, eta beste bi desagertuta daude) ikertuko zituela iragarri zuela gogorarazi du. Erakundearen beharginak 30.000 direla erantsi du.

Testuinguru horretan, gobernuz kanpoko ia hogei erakundek gobernuei agentzia horren finantziazioari eusteko eskatu dute, tokian bertan egiten duten "berebiziko" lanagatik, eta, aldi berean, salatu dute beren lanak gelditzeak arriskuan jartzen duela zibil askoren bizitza, bai Zerrendan, bai eskualde osoan.

"Jakina, ekintza kriminal bat ezin da zigorrik gabe geratu, baina eztabaida horrek arreta galtzeko balio du Gazan egunero gertatzen ari denarekiko, hau da, arreta galtzen da herritar guztiei elikagaiak, edateko ura eta babesa ukatzen zaielako, eta azken 100 egunetan Gazan ez dagoelako argindarrik", ohartarazi du Christian Lindemeier Munduko Osasun Erakundeko (MOE) bozeramaileak.

MOEko bozeramaileak bere erakundearen hasierako jarrerari eutsi dio, hau da, emaileei eskatzea ez dezatela moztu finantziazioa, bizitza bermatzeko hainbeste baliabide horien menpe dauden uneetan. "Laguntza murrizteak Gazako jendeari bakarrik egingo lioke kalte", azpimarratu du.

20 bat herrialdek (Ameriketako Estatu Batuak eta Erresuma Batua barne), ostera, UNRWAri emandako diru-laguntza eten diote, Israelgo agintariek aurkeztutako salaketen ondorioz. Espainia erabaki horretatik aldendu da.

Antonio Guterres. Argazkia: EFE

Antonio Guterres. Argazkia: EFE

Josep Borrell EBko Kanpo Politikarako goi-ordezkariak telefonoz hitz egin du Guterresekin, eta UNRWAk Gazan duen "ezinbesteko" funtzioa nabarmendu du.

Bestalde, Hamasek adierazi duenez, "Estatu Batuak buru direla" UNRWAren finantziazioa bertan behera utzi duten herrialdeak "palestinarren aurkako gerra genozida batean murgilduta daude", eta bitartean "okupazioaren etengabeko erasoaldiak eta laguntza humanitarioaren oztopoak galdera garrantzitsuak planteatzen dizkio nazioarteari".

Osama Hamdan Hamaseko ordezkari nagusietako batek langile palestinarrak kaleratzeko erabakia "bertan behera uzteko" eskatu dio UNRWAri, neurri hori "okupazioaren narratiban oinarrituta" dagoela eta "gaitzesgarria" dela eta "agentziaren helburua desitxuratzen" duela iritzita, Filastin egunkari palestinarrak Telegrameko bere kanalean jasotako adierazpenen arabera.

"UNRWAren biltegiak zuzenean bonbardatu dituzte herri palestinarrari gosea inposatzeko, eta ez dugu agentziako zuzendariaren salaketarik entzuten (...) Nazioarteko Zuzenbideak babesten dituen zentro horien aurkako bonbardaketek herrialdeen jarrerak zalantzan jartzera garamatzate", kritikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea NBE Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Ekialde Hurbila Hamas