Mundua -
Gerra Gazan
Israelek Yeningo ospitale batean egindako "epaiketaz kanpoko exekuzioak" salatu ditu NBEk
Israelgo armadak argudiatu duenez, hildakoek Israelen eraso terroristak egiteko asmoa zuten, eta, beraz, "neutralizatu egin dituzte".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Giza Eskubideetarako Nazio Batuen Bulegoak salatu duenez, Israelek Zisjordaniako Yenin hiriko Ibn Sina Ospitalean egindako operazioa "aurreikusita zegoen epaiketaz kanpoko exekuzio bat" da. Astearte honetan, zibilez eta medikuez mozorrotutako soldaduak ospitale horretan sartu dira, eta hiru miliziano palestinar hil dituzte.
Volker Turk NBEko goi komisarioaren bulegoak Israelgo agintariak premiatu ditu "Zisjordaniako palestinarren legez kanpoko hilketak berehala geldiarazteko". Urriaren 7an Gazan liskarrak hasi zirenetik, hilketen kasuak ugaritzen ari dira etengabe.
Erakundeak nabarmendu duenez, hildakoen artean 18 urteko gazte bat zegoen, Yeninen (Zisjordania iparraldea) egindako aire-erasoan izandako zauriengatik mugitu ezinik. Gaztea ospitaleko ohe batean zegoen buruan tiro egin diotenean.
Israelgo armadak argudiatu duenez, hildakoek Israelen eraso terroristak egiteko asmoa zuten, eta, beraz, "neutralizatu egin dituzte".
Gatazkari buruzko eguneroko txostenean, Nazio Batuen Erakundeko Gai Humanitarioak Koordinatzeko Bulegoak berretsi du zailtasunak daudela laguntza Gazara bidaltzeko, batez ere zerrendaren iparraldean. Izan ere, Israelgo agintariek urtarrilean planifikatutako 51 misioetatik 29ri sarrera ukatu diete.
Era berean, gogorarazi du abenduaren 1etik, astebeteko su-etenaren ostean, Israelgo agintariek ebakuazio-aginduak eman dituztela, eta horrek Gazako 158 kilometro koadrori eragin diela, hau da, zerrendako eremuaren % 41i.
Txostenak azpimarratu duenez, azken 24 orduetako liskarrak Jan Yunis herrian izan dira bereziki, Gazako hegoaldean, Nasser eta Al Amal ospitaleen inguruan.