Mundua -
Gaza erasopean
NBEren txosten baten arabera, Israelek gizateriaren aurkako krimenak egin ditu, tartean, "sarraskia"
Lehen ikerketa horren arabera, gerrako lehen hilabeteetan, gerra krimenak burutu zituzten zibilen aurka bai Israelek baita Hamasek ere. Israelgo gobernuaren kasuan, delituak larriagoak dira. Txostenak gizateriaren aurkako krimenak leporatzen dizkio, tartean, "sarraskia".
Agentziak| EiTB Media
Nazio Batuen ikerketa batzordeak bere lehen sakoneko ikerketa argitaratu du astearte honetan, eta, horren arabera, gerrako lehen hilabeteetan, urriaren 7tik abenduaren amaiera arte, bai Israelek baita Hamasek ere gerra krimenak burutu zituzten zibilen aurka ondorioztatu du.
Israelgo gobernuaren kasuan, delituak larriagoak dira. Txostenak gizateriaren aurkako krimenak leporatzen dizkio, tartean, Palestinako herria "deuseztea" eta "sarraskitzea".
Delituen zerrenda, baina, luzeagoa da: gosea gerra arma bezala erabiltzea, torturak, hilketak, krudelkeriazko tratuak, sexu indarkeria, edota profil zehatz bat, gizon gazteena, helburu militar bezala hartzea ere aipatzen dute txostenean. Nazio Batuen ikerketak Gazaren setioa ere jasotzen du, Israelek bere helburu politikoak lortzeko, zibilei argindarra, ura eta elikagaiak murriztu dizkiela adieraziz.
Alde palestinarrari erreparatuz gero, berriz, Hamas eta beste 6 talde armatu seinalatzen ditu Batzordeak zibilen aurkako erasoak, hilketak, tortura, tratu krudela eta bahiketak aipatuz, tartean adin txikikoak gatibu hartzea.
Txostenaren arabera, talde hauek egindako sexu indarkeria delituak ez dira isolatuak, eta bahituak askatu eta zibilen aurka koheterik ez jaurtitzeko eskatzen die, eta, Israeli, berriz, Hagaren kautelazko neurriak betetzea, su-etena onartuz eta giza laguntza sartzen utziz.