EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Jaurlaritza berria

Sailburuek kargua hartuko dute Ajuria Enean

Iñigo Urkullu lehendakari berriak lehen ekitaldi ofiziala zuzenduko du bihar. Asteartean, berriz, 10. agintaldiaren lehen Gobernu Kontseilua egingo du Exekutibo berriak.

Zortzi sailburuk osatuko dute Urkulluren Jaurlaritza berria. Argazkia: EITB
Zortzi sailburuk osatuko dute Urkulluren Jaurlaritza berria. Argazkia: EITB
Zortzi sailburuk osatuko dute Urkulluren Jaurlaritza berria. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astelehen honetan garai berriari ekingo diote Ajuria Enean, Iñigo Urkullu buru izanda, Eusko Jaurlaritza berriarekin. Horrela, bihar, 11:00etan, Urkulluk izendatutako zortzi sailburu berriek kargua hartuko dute.

Halaber, EAJren EBBko oihiko bileran izango da Urkullu, baina oraingoan lehendakari gisa. Urkulluk EBBko presidentziari uko egin ostean eta horren ondorengoa izendatu arte, kide anitzeko talde batek zuzenduko du EBB.

Asteartean, azkenik, agenda politikoari emango diote hasiera. Izan ere, egun horretan egingo dute 10. agintaldiaren lehen Gobernu Kontseilua. Honen hasierako lana 2013rako aurrekontuak prestatzea izango da.

Zina Gernikan

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakari da larunbat honetan Gernikako Juntetxean zina egin ostean. Karguaren zina Gernikako Arbolaren aurrean egin du, eskuan Estatutua eta Bizkaiko Foru Zaharren alea izanda.

Urkulluk honako hitzak esan ditu: "Apal-apalik, Jaungoikoaren eta gizartearen aurrean, eusko-lur gainean zutik eta Gernikako haritzaren azpian asaben gomutaz, herri-ordezkari zareten zuen aurrean nire agintea zintzo beteko dudala, zin dagit".

Agirrek 1936. urtean erabilitako formula bera erabili du Urkulluk, baina zenbait aldaketa sartu ditu, zinari pisu erlijiosoa kentzeko. Horrela, "Jaungoikoaren aurrean umiliatuta" hitzak saihestu ditu.

Jaurlaritza berria

Zortzi sailburuk osatuko dute Eusko Jaurlaritza berria: Josu Erkoreka Jaurlaritza berriko bozeramailea eta Justizia eta Administrazio sailburua; Arantza Tapia Ekonomia sailburua; Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politiken sailburua; Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburua; Cristina Ugarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua; Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua; Jon Darpon Osasun sailburua; eta Ana Isabel Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua.

Zortzi sailburuetatik bi dira independenteak: Cristina Uriarte eta Ana Isabel Oregi. Lau bizkaitar, hiru gipuzkoar eta arabar bat izango dira Jaurlaritza berrian, eta zortzi sailburu berrien artean bat ere ez da EAJko Euskadi Buru Batzarreko kidea.

Lehentasunak

Egungo krisi ekonomikoa lehen mailako auzia bada ere, lehendakari berriak hainbat lehentasun zehaztu ditu dagoeneko, besteak beste, sailentzako aurrekontuak zehaztea, egutegi legegilea finkatzea eta euskal langile publikoen aparteko Gabonetako soldataren auzia aztertzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea