Politika -

Basagoitiren ondorengoa

Garrido: 'Alderdikideen babesa izango duen hautagaia da Quiroga'

PPren legebiltzarkidearen iritziz, presidente berriak azken urteetako ildoari eutsiko dio.

Laura Garrido PPren legebiltzarkidea. Argazkia: EiTB
Laura Garrido PPren legebiltzarkidea
PPk hilabeteko epean egingo du ofizial Quirogaren izendapena

1:25

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantza Quirogak, Euskadiko Alderdi Popularreko presidente berria izango denak, alderdikideen babesa izango duela iritzi dio Laura Garrido popularrak. Horren ustez, PPk azken urteotan ezarri duen zentraltasun ildoari eutsiko dio Quirogak.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Quirogak aitortu du oinordekoa aukeratzea beti dela zaila, baina PPren azken Kongresuan onartutako ponentzian proiektuak eta ildoak zehaztu zituztela.

Laura Garridoren esanetan, alderdikideen eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zuzendaritzen babesa izango duen hautagaia bilatu nahi izan dute. Orain, zuzendaritza batzordeetan aztertuko dute Quirogaren hautagaitza eta ondoren, bozketa egingo dute. Azkenik, Kongresua ospatuko dute militanteek eta alderdikideek iritzia eman dezaten.

"Aldaketak beti dira zailak. Bagenekien Basagoitik kargua utziko zuela, eta behin albistea ofizial egin denean, martxan jarri dugu prozesua. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zuzendaritzen artean hitz egin dute eta babes gehien lor dezakeen hautagaia aukeratu nahi izan dute", gaineratu du.

"Quiroga da proiektua hobekien gidatu dezakeen pertsona", Laura Garridoren arabera. Buruzagi bakoitzak bere ukitua ematen dio alderdiari, baina "presidente berriak ere azken urteotako ildoari eutsiko dio". "Azken Kongresuan, proiektuak eta ildoak zehaztu genituen", gaineratu du.

Basagoitiren ondorengoa izendatzeko prozesua

Euskadiko Alderdi Popularrak zuzendaritza batzordeak hilabete edo hilabete eta erdiko epean ofizial egingo du Arantza Quirogaren izendapena, PPren Euskadiko presidente gisa.

Ostiral honetan, bilera egin zuten hiru probintzietako buruzagiek, Anton Damboreneak (Araba), Iñaki Oyarzabalek (Bizkaia), eta Borja Semperrek (Gipuzkoa), eta Antonio Basagoiti alderdiko presidenteak eta Iñaki Oyarzabal idazkari nagusiak. Bilera horretan, babesa eskaini zioten Arantza Quirogari.

Ostiraleko bileran adostutako gaiak izango dituzte hizpide astelehenean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zuzendaritza batzordeek.

Asteartean, Euskadiko PPk zuzendaritza batzordeko bilera egingo du eta hurrengo batzarrerako data jarriko dute, eta orduan izendatuko dute Basagoitiren ondorengoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea