Politika -

Diputatuen Kongresua

PP, uztailaren 18a Frankismoa gaitzesteko Eguna izendatzearen kontra

Ezker Anitzak aurkeztu du lege proposamena, eta Espainiako Gerra Zibila orduan hasi zelako eta Francisco Francok Estatu kolpea egun horretan eman zuelako hautatu dute data hori.

Francisco Franco diktadorea. Argazkia: EiTB
Francisco Franco diktadorea.
Francisco Franco diktadorea. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PPk atzera bota du uztailaren 18a Frankismoa gaitzesteko Eguna izendatzeko proposamena, Diputatuen Kongresuan. Ezker Anitzak (IU-ICV-CHA) aurkeztutako lege-proposamenean data hori aukeratu dute, Espainiako Gerra Zibila orduan hasi zelako eta Francisco Francok Estatu kolpea egun horretan eman zuelako.

Diktadorearen "mamua" eta "frankismoa" bazterrean uztea eskatu du PPk, horretarako 1978ko Konstituzioa tresna bezala erabiliz.

Pedro Gomez de la Serna Konstituzio Batzordeko bozeramaileak parte hartu du Kongresuko eztabaidan, PPren izenean. Haren arabera, Konstituzioaren itunari eta Memoria Historikoaren legeari esker gainditua dago garai historiko hura, Frankismoa, eta orain etorkizunari begiratu behar zaio, iraganera itzuli beharrean.

Koalizio ezkertiarrak aurreko urtean eman zuen ekimenaren berri, eta Jose Luis Centella bozeramaileak azpimarratu zuen beharrezkoa dela Espainiak Francoren diktadura garaiko urteak gaitzestea.

Cayo Lara IUren koordinatzaileak berretsi egin zuen atzo ideia hori, eta PPren "jarrera demokratikoa" agerian uzteko aukera bat dela ere adierazi zuen. Izan ere, buruzagi ezkertiarrarentzat "onartezina" da Espainiak hamarkaden ostean oraindik frankismoa gaitzetsi ez izana: "Benetan ikusiko dugu PPk gutxieneko jarrera demokratikoa duen eta oraindik irekita dauden zauriak ixten hasi nahi ote duen".

Era berean, ekimenean gogor kritikatzen dute diktadurak iraun zuen 40 urteetan izandako giza-eskubideen urraketen inbentarioa oraindik egin gabe egotea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea