Politika -
Polemika
Rajoyk eta Barrosok Gibraltargo gatazkaz hitz egingo dute laster
Gatazka gunera begiraleak bidaltzeko eskatu dio Britainia Handiko Gobernuak Europako Batzordeari.
Erredakzioa
Gibraltargo gatazka hizpide nagusi hartuta, Mariano Rajoy Espainiako presidenteak Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentearekin hitz egingo du datozen orduetan. Atzo bertan, David Cameron Britainia Handiko lehen ministroak Gibraltarrera begiraleak bidaltzeko eskatu zion Europako Batzordeari.
Rajoyk Barrosorekin hitz egingo duela baieztatu du Moncloak, baina bileraren aurretik ez du Britainia Handiaren eskariaren gaineko iritzirik eman nahi izan. Edonola ere, Espainia legedia betetzen ari dela nabarmendu du.
Iturri diplomatikoen arabera, Espainiak kontrolak jartzeko eskubidea eta betebeharra dauka, Gibraltar ez baitago Schengen espazioan. Horien ustez, kontrolek ez dute merkantzien eta pertsonen zirkulazio librea oztopatzen.
Cameronek Barrosorekin hitz egin zuen atzo eta Gibraltarrera begiraleak bidaltzeko eskatu zion Europako Batzordeari. Halaber, kezka agertu zion Espainiak ezarritako "neurrigabeko" kontrolak direla eta.
Jose Manuel Barrosok Europako legedia betearazteko, eta, beharrezkoa bada inposatzeko bere eskuan dagoen guztia egingo zuela erantzun zion.
Bestalde, mugan jarritako kontrolak legez kanpokoak direla baieztatzeko frogak batzen ari dela baieztatu du Britainia Handiko Gobernuak.