Politika -
Hezkuntzaren erreforma
LOMCEk beste izapide bat gaindituko du gaur Senatuan, protesten artean
EHUko ikasleek greba egingo dute gaur Bizkaian eta Gipuzkoan, baina ez Araban.
Erredakzioa
Senatuak onartu egingo du gaur Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroaren erreforma, eta, ondoren, Diputatuen Kongresura igorriko du berriz, urtea bukatu baino lehen behin betiko onar dezan.
Izapide honekin batera, ikasleek lanuzteak eta hainbat protesta egingo dituzte gaur.
Wert ministroaren hezkuntza erreforma (LOMCE) urriaren 29an iritsi zen Senatura. Bertan, erkidego guztietako Hezkuntza sailburuek eztabaidatu dute, testuak eskuduntzak urratzen ote dituen aztertzeko.
Protestak
Gaurko deitutako mobilizazioen artean, Eskola Publikoaren aldeko Plataformak elkarretaratze bat egingo du Senatuaren aurrean, "zuri-beltzean", Espainia "NO-DOren garaietara" itzuli dela salatzeko.
Gainera, Ikasleen Sindikatuak eta Ikasle Progresisten Federazioak greba eguna deitu dute, hezkuntza publikoan.
EAEn, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikasleek bat egin dute deialdiarekin, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina ez Araban.
Ikasle Abertzaleak sindikatuak mobilizazioak deitu ditu biharko.