Politika -
Radio Euskadi
EAJk 'pauso positibotzat' jo du ETAren desarmearen hasiera
Joseba Egibar jeltzaleak Espainiako Gobernuaren jarrera 'arduragabea' salatu du, izan ere, "armen balizko konfiskatzea egiaztatzeko zuzeneko eta zeharkako mekanismoak ditu".
Erredakzioa
Joseba Egibar EAJren Gipuzkoa Buru Batzarreko (GBB) presidente eta EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak "pauso positibotzat" jo du ETAk armak erabili ezinik uzteko hasitako prozesua. Halaber, Espainiako Gobernuaren "jarrera arduragabea" salatu du, armen balizko konfiskatzea egiaztatzeko zuzeneko eta zeharkako mekanismoak izanda ere, erabiltzen ez dituelako.
Radio Euskadiko "Parlamento en las Ondas" saioan atzo Nazioarteko Egiaztatzaileen Batzordeak egindako iragarpenaren balorazioa egin du, eta Iñigo Urkulluk egindako balorazioarekin bat egiten duela nabarmendu du.
Biktimak ere gogoan izan ditu, eta horiek atzoko "argazkiaz" egingo duten irakurketa iradoki du: "oso sentipen gogorra izan behar du, zergatik orain eta ez lehenago?".
"Pausoa baloratzen dugu, pauso positiboa da. Kuantitatiboki baino esanahi handiagoa dauka kualitatiboki ETAk duela 28 hilabete hartutako erabakia berretsi baitu", adierazi du Egibarrek.
Duela 2 urte eta 4 hilabete, ETAk jarduera armatua behin betiko uzteko hartutako erabakiaren ondotik, "denbora gehiegi pasatu aurretik, orain, beste erabaki batzuk hartu behar ditu". "Erabakiak balorea duela iritzi diot", azpimarratu du.
Egibarren esanetan, zenbaitek atzoko ETAren iragarpena eta erabakiaren balorea eta esanahia erlatibizatu dezakete, "baina ezin dute azken 28 hilabeteotako bidea aintzakotzat ez hartu".
Bestalde, gaur Fernando Buesaren eta haren bizkarzain zen Jorge Diezen hilketaren urteurrena eta duela 13 urteko ETAK Martutenen hildako bi langileak gogoan izan ditu.
Egibarrek Espainiako Gobernuaren jarrera salatu du
Buruzagi jeltzaleak Espainiako Gobernuaren jarrera "arduragabea" salatu du, izan ere, "armen balizko konfiskatzea egiaztatzeko zuzeneko eta zeharkako mekanismoak ditu, eta ez ditu erabiltzen. Gobernuari esango nioke ez baditu erabili behar, gutxienez, bidea egiten uzteko".