Politika -
Eusko Legebiltzarra
'GALen biktimei laguntzak ukatuta, baliteke prebarikazioa egin izana'
Ignacio Muñagorri katedradunak txosten bat egin du, Jaurlaritzak eskatuta, eta Barne Ministerioaren erabakia legearen kontrakoa dela ondorioztatu du.
Erredakzioa
GALen biktimei laguntzak ukatuta, Espainiako Barne Ministerioak prebarikazioa egin duela uste du Ignacio Muñagorri EHUko zigor zuzenbideko katedradunak.
Muñagorrik agerraldia egin du gaur goizean Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean, aipatu ebazpenaren harira Terrorismoaren Biktimen Laguntzarako Zuzendaritzak eskatutako ikerketaren ondorioak azaltzeko.
GAL, Batallon Vasco Español eta Triple A talde terroristek eragindako 10 bat biktimek publikoki salatu dute Barne Ministerioak laguntzarik ez ematea erabaki duela. Jaurlaritzaren arabera, berriz, Barne Ministerioak 30 bat eskaera bota ditu atzera.
Gauzak horrela, Jaurlaritzak Barne Ministerioaren ebazpenari buruzko ikerketa bat eskatu zuen, erabaki hori legearen kontrakoa den edo ez argitzeko.
Muñagorrik azaldu duenez, prebarikazio kasu baten aurrean gaitezke, Zigor Kodearen 404 artikulua urratu delakoan.
"Izugarrikeria bat da; Konstituzioak babeste dituen oinarrizko edukiak urratu dira eta ikerketaren egileak harrituta geratu gara", azpimarratu du.
Poliziak aurkeztutako frogak laguntzak ukatzeko argudio nahikoak ez direla gogoratu du eta biktima bati "ezker abertzalekoa edo garai hartan legezkoa zen Herri Batasunako kidea" izanagatik laguntzak ukatu ezin zaizkiola nabarmendu du.
Ukazio jarrera horrek "legezkotasun printzipioaren edukia eta forma" nahiz errugabetasun printzipioa urratu dira. "Administrazio espediente bat ezin daiteke erabili, delitua bat nork egin duen esateko, are gutxiago polizia-txostenenetan soilik oinarritzen bada", azaldu du.
Espainiako Gobernuak Europako hitzarmenak nahieran interpretatu dituela ondorioztatu du Muñagorrik; izan ere, "horrelako laguntzak ukatzeko epai irmoak izan behar dira, eskatzaileak terrorismoagatik zigortua izan zela esanez".
Auzi honek epaitegietara iritsiko dela ziur agertu da, baina prozesu judiziala asko luzatu daitekeela deitoratu du, Giza Eskubideen Europako Auzitegira heltzeraino.