Politika -
Lehen hilekoaren balantzea
Jonan Fernandez: 'Bake prozesua geldo badoa ere, atzeraezina da'
Soilik Bake eta Bizikidetza Planaren ekimen bakarra ezin izan dutela gauzatu azpimarratu du: Terrorismoaren Biktimen Memoriala sortzeko proiektua, Espainiako gobernuaren ardura dena, hain zuzen ere.
Eusko Jaurlaritzak iazko amaieran onartutako Bake eta Bizikidetza Planaren "balantze positiboa" egin du lehen sei hilabeteetan izandako betearazpen eta kudeaketari dagokionez, eta, ekimen "ia guztiak abian" daudela jada azpimarratu du, 18tik 17, hain zuzen ere.
Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetzarako idazkariak Bake eta Bizikidetza Planak lehen sei hilabeteetan izandako betearazpen eta kudeaketaren txostena aurkeztu du. soilik Planaren ekimen bakarra ezin izan dutela gauzatu azaldu du: Terrorismoaren Biktimen Memoriala sortzeko proiektua, “Espainiako gobernuaren ardura” dena, hain zuzen ere.
Horrela, bake prozesua eurek nahi baino geldoago doala azpimarratu du, baina ez duela atzera bueltarik, gizartearen borondateak atzeraezina bihurtzen baitu.
Bake eta Bizikidetza prozesua “ondo” eta “arin” joateko “jarrera aldaketa bikoitza” beharrezkoa dela azpimarratu du Fernandezek, bake eta bizikidetzaren sendotzea “arrazoi komuna” delako eta “ez alderdien arteko borroka”. Horregatik, adierazpenak ez direla nahikoa esan du, “ekintza beharrezkoak” direla.
"Aldebakarreko aroan gaude" esan du Bake eta Bizikidetzarako idazkariak. "Bakoitzari dakiena ematea dagokio, eta egiten ez badu atzean geldituko da, gizartea aurrera baitoa, gaineratu du.
"Eztabaidak baino, aukerak"
Alderdiek ez dutela eztabaidetan eta desberdintasunetan zentratu behar nabarmendu du Fernandezek, "aukeretan" baizik. Honen harira esan du orain arteko oztopo handienetako bi gainditzeko bidean gaudela, ETAren desarmea ata espetxe politika, hain zuzen ere, baina bitartean ekimen zehatzak egiten jarraitu behar dela.
Gauzak horrela, urteko bigarren seihilekoari begira, "Hitzeman" (Euskal Presoen birgizarteratzea) programa garatzeko adostasun-oinarriak prestatzea ari direla azpimarratu du. Dokumentu hau ekarpen guztiei "irekia" egongo dela esan du, argi baitu gai honetan "adostasuna" nahitaezkoa dela.
GALen biktimak
Barne Ministerioak GALen biktimen kalte-ordainen aurrean izan duen jarrerarekin kritiko izan da. Ekintza terroristekin nahastuta egotea egotzi zaie GALen biktimei, eta Fernandezen aburuz, "usteetan" eta polizia txostenetan soilik oinarritutako argumentuak dira horiek.
Biktimak aitortzeko eta haiei ordainak emateko politika publikoak ere abiarazi direla eman du jakitera, "Gertu" programa, hain zuzen ere. Hala, terrorismoaren biktimak diren 350 familiekin elkarrizketan egingo dituztela iragarri du.
Hau guztiaz gainera, gogorarazi du iragana argitzeko hainbat ekimen sendotu direla, argitu gabeko zenbait txostenekin eta Euskadin izandako torturen inguruko zenbait azterketekin, hori baita planaren helburuetako bat.
Urteko bigarren seihilekoari begira gaineratu du, presoen birgizarteratze planaz gain, Memoriaren eta Elkarbizitzaren Institutua proiektua sendotzea aurreikusten dutela, eta biktimen aitortzaren eta konpontzearen inguruko politika publikoak berrituko dituztela.