Politika -

PP-EAJ harremana

EAJrekin duten harremana 'konpondu' nahian dabiltzala esan du Quirogak

Batzokien finantzazioaren inguruan sortutako eztabaidaren ondotik, popularrek eman dute jeltzaleekin harremanak lehengoratzeko 'urratsa'.

Arantza Quiroga Euskadiko Alderdi Popularreko presidentea. Artxiboko irudia: EFE
Arantza Quiroga Euskadiko Alderdi Popularreko presidentea. Artxiboko irudia: EFE
Arantza Quiroga Euskadiko Alderdi Popularreko presidentea. Artxiboko irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantza Quiroga Euskadiko popularren presidenteak baieztatu duenez, Alderdi Popularra Euzko Alderdi Jeltzalearekin harremanak lehengoratzeko ahaleginetan ari da, eta lehen "pausoa" popularrek eman dutela azpimarratu du. Izan ere, hainbat buruzagi popularrek jeltzaleen batzokien finantzazioaren gainean esandakoen haritik, bi alderdien arteko harremanak gaiztotu egin dira.

Cope irrati kateari eskainitako elkarrizketan, hainbat buruzagi popularrek batzokien finantzazioen gainean egindako adierazpenek jeltzaleekin duten erlazioan "hainbat buruhauste" eragin dituztela aitortu du.

"Euskadiren interesengatik eta PPk ordezkatzen duenagatik, harremana konpondu nahian gabiltza. Horretan ari gara, eta dagoeneko harremanak zabaldu ditugu", azaldu du.

Quirogak onartu du Euskadiko Alderdi Popularra zela "lehen pausoa eman behar zuena" eta lehen pauso hori emateko inolako arazorik ez duela izan gaineratu du. "Ezin da harrotasunetik politika egin, batez ere, herrialde honek behar dituen akordio eta adostasunetan sinesten baduzu", nabarmendu du.

Bestalde, PPk batzokiak modu irregularrean finantzatu direla argudiatzeko frogarik izanez gero, epaitegietara joko lukeela azpimarratu du. Ildo horretan, Euskadiko popularrek jeltzaleei "gardentasun falta" egotzi nahi izan zietela adierazi du.

Sortutako polemikaren harira, jeltzaleek beren ezinegona adierazi zietela onartu du: "Pasatu egin zarete eta horrek mindu egin gaitu", esan omen zieten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arantza Quiroga