Politika -

30. urteurrenean

Legebiltzarrak Santi Brouard omendu du lehenengo aldiz

PSE-EEk lehen aldiz hartu du parte Brouarden alde Ametzolan urtero egiten den omenaldian.

Brouardi egindako omenaldia. Argazkia: EiTB
Brouardi egindako omenaldia.
Legebiltzarrak Santi Brouard omendu du

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarreko talde guztiek eta Eusko Jaurlaritzak, Iñigo Urkullu lehendakaria buru zuela, bost minutuko isilunea egin dute gaur goizean Santi Brouard GALek hildako Herri Batasuneko buruzagi ohiaren omenez, GALen biktima bati egin dioten era horretako lehenengo ekitaldian.

Santi Brouard 1984ko azaroaren 20an hil zuten GALeko bi mertzenariok Bilbon, bere mediku-kontsultan. Urte hartan legebiltzarkide hautatu zuten, baina ezin izan zuen kargua estreinatu ere egin.

Legebiltzarraren atarian dagoen Gauerdiko Iparrorratza eskulturan izan da omenaldian, 09:15ean.

Legebiltzarrak lehenengo aldiz omendu du Brouard, baina duela 5 urte, hilketaren 25. urteurrenean, HBko buruzagia oroitzeko adierazpen instituzionala onartu zuen.

Gainera, hilaren 27an plaka bat jarriko dute politikari abertzalearen omenez, EH Bilduk hala eskatuta. Izan ere, koalizio abertzaleak Euskal Herrian izan diren "indarkeria guztien biktimak" oroitzea eskatu zuen, Estatu terrorismoarenak barne.

Brouarden omenezko plaka hildako beste hiru legebiltzarkideren plaken ondoan jarriko dute. Buesaren omenezkoa 2000. urtean jarri zuten; Ordoñez gogoratzen duena, 2008an, eta Casas oroitzekoa, iragan ekainean.

Bestalde, gaur 25 urte bete dira Josu Muguruza HBko kidea Madrilen tiroka hil zutela.

Omenaldiak Bilbon

Bestalde, Brouarden eta Muguruzaren senideek beste bi omenaldi egin dizkiete Bilbon, Ametzola eta Rekalde plazetan.

Ametzolan hainbat buruzagi politiko bildu dira, tartean ezker abertzalearenak (Hasier Arraiz, Pernando Barrena, Rufi Etxebarria, Maribi Ugarteburu, Niko Moreno eta Jone Goirizelaia, kasu), EAJrenak (Andoni Aldekoa eta Ibone Bengoetxea Udaleko kideak, eta, lehen aldiz, PSE-EErenak (Idoia Mendia) ere bai.

Idoia Mendia eta Jone Goirizelaia EITB

Idoia Mendia eta Jone Goirizelaia EITB

Idoia Mendia PSE-EEko burua, Brouarden aldeko lore-eskaintzan. EiTB

Rekalde plazako ekitaldian, besteak beste, Monica Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen Eusko Jaurlaritzako zuzendaria izan da.

Omenaldi horretan, Nagore Mugika ETAko preso ohiak hartu du hitza, Egiari Zor Fundazioaren izenean, eta Espainiako Gobernuak torturatu egin duela noiz aitortuko ote duen galdegin du.

Bilboko Udalak beste omenaldi bat egingo dio Brouardi hilaren 26an, 11:00etan, Areto Arabiarrean.

Amaiur, Kongresuan: "Bidegabekeria guztiak erreparatu behar dira"

Kongresuaren osoko bilkuran, Rafa Larreina Amaiurreko diputatuak deitoratu egin du Espainiako Parlamentua "25 urtez isilik" egon izana, eta "bidegabekeriaren biktima guztiak aintzatestea, omentzea eta errespetatzea" eskatu du.

Diputatu abertzaleak, "bidegabekeria guztiak salbuespenik gabe" erreparatu behar direla adierazi du, eta egun berdinean hildako "guztiak" errespetatzeko deia egin du. Horren ildotik, Brouard eta Muguruza ez ezik, Ricardo Lopez Castiñeira guardia zibila eta Jose Benito Sanchez eta Benjamin Sancho poliziak ere aipatu ditu, azaroaren 20an hil zituztelako.

Senideek errekonozimendurik eza salatu dute

Edurne Brouardek eta Ane Muguruzak, Santi Brouarden eta Josu Muguruzaren alabek, gogor kritikatu dute Espainiako Estatua, terrorismoaren biktima gisa aitortu nahi ez dituelako, eta azkenaldian, "aurrerapausoak baino gehiago, atzerapausoak" eman dituelako.

Brouardek Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, azaroaren 20a "urteurren madarikatua" da, nahiz eta data hori "Euskal Herriko historiaren, borrokaren, erantzun mailaren, duintasunaren eta irmotasunaren erakusgarri" ere izan.

Era berean, Ane Muguruzak esan du urteurren "berezia" dela, bera jaio baino 15 egun lehenago hil baitzuten aita, eta hori "karga emozional handia" da. Horren harira, Zohardia dokumentala izan du hizpide, bere historia kontatzeko modurik izan ez dutelako eta orain horrelako aukerak aprobetxa ditzaketelako "Josuren, Santiren eta beste askoren bizitza kontatzeko".

Dena den, "Estatu terrorismoaren" biktimen errekonozimenduan Madrilek "aurrerapausoak baino gehiago, atzerapausoak" eman dituela berretsi du: "Estatuak ukatu egin nahi du gu biktima gisa agertzea".

"Azken adibidea kalte-ordainekin gertatu da. Ukatu egiten dizkigute Guardia Zibilak eta Poliziak hipotesi batzuetan oinarrituta egindako txosten batzuengatik. Ez da aurrerapausorik izan, Espainiako Estatuari ez zaio komeni bere aparatuek eragindako mina eta sufrimendua onartzea", gaineratu du.

Brouardek goitik behera babestu du salaketa hori, eta beste bide batzuk jorratzen ari direla azpimarratu du; Bilboko Udalak lehenengo aldiz egingo dion omenaldia, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Bilboko albisteak Bizkaia Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa GAL gaur Terrorismoaren Biktimen Azken Ordukoa